Hildako zuhaitzak bizi iturri basoan

Julen Iriondo 2013ko ira. 11a, 02:00

Mendian ibiltzen dena ohartuko zen ohikoenak diren bideetatik irtenez gero, pista eta bidezidor ugari daudela oraindik jausitako zuhaitzek oztopo egiten dutela. Basoan barneratuta, aurreko negu gogorraren ondorioz eroritako zuhaitz kopuru handitik askok eta askok jausitako lekuan bertan jarraitzen dute, zeudenetan. 

Besteak beste bazterrak berotzeko hain aproposa den egur horrek ez zuen garai batean han denbora askorik iraungo; gaur egun, ordea, hainbeste beharrik ez, eta beharra duenak kondizio hobeetan lortzeko aukera normalean. Sarri sustraietatik atera eta eroritako zuhaitzotatik asko, beraz, eroritako lekuan desagertuko dira, denborarekin. 

Eta hori gertatu bitartean bati baino gehiagori begietara mingarri egin dakiokeen arren, berez, onurak ere baditu zuhaitzok bertan usteltzeak. Jon Ugarte ofizioz basozain eta bestela ere basozale den oñatiarrarekin egin dugu hitzordua, eta halaxe azaldu digu berak, basoari eta bertan bizi direnei buruzko beste hainbat argibide emateaz gain.

Araotz aldera egin eta Jaturabeko zubi ondoan autoa utzita, Aitzgainerako bideari ekin diogu, eta oinez hasi eta lasterrera geratu da bidean gure bidelaguna, pinu artetik txori-kantu batek atentzioa emanda: "Okil beltza da; orain dela gutxira arte txori hau ez zen inguru hauetan ibiltzen, guk ez genuen ezagutzen behintzat. Baina nola basoak uzten joan diren, hildako egurra gero eta gehiago dago, eta okil beltzak jaten ditu enborretan egoten diren zomorroak, eta zabaltzen, ugaritzen, ari da horregatik. Nik hemen entzun gabe neukan; zortea izan dugu".

Nork esan pinu-egurraren prezioa jaisteak ekarri behar zuenik gure artean espezie bat ugaritzea: "Pinudiak zaintzeko eta pinuak botatzeko poztasun handirik ez dago, eta batzuk, hau moduan, abandonatuta daude, baina natura aldetik baditu beste balio batzuk: gordelekuak eta jateko lekuak dira animalientzat". Hildako zuhaitzena natura aldetik arazo ez dela diosku Ugartek: "Alderantziz, aberastasuna da". 

Bidean aurrera segi, eta utzitako pinuak bai baina ez dugu erorita zuhaitz askorik ikusi, jausi asko jausi zirela jakin arren: "Lurra biguna zegoen eta sustraiek ez zuten oinarri ona; haizearekin edo elurraren pisuarekin zuhaitz asko jausi ziren: pinuak, pagoak, haritzak, hurritzak asko..., ipurditik gainera". Oñatiko Natur Eskolakoek eta Ur-Jauzietako langileek garbitzen ei dituzte inguru haietako bideak, euren jardunerako: "Lehen, mendira joaten zen jendeak ere eramaten zuen aizkoratxoren bat edo zerbait, etxerako abarrak biltzeko adibidez, lehen sua egiten baitzen etxe gehienetan". 

Kanalari jarraituz 

Harraparien bizileku diren haizpeak utzi eta berriz ere autoa hartuta jarraitu dugu gorantz, Aitzgain eta San Juan Artia arteko kanaleko erdiko puntu batera, hain justu. Amezti bat bidean, "Oñatiko ederrena". "Inguru honetan pagoa dago gehien, eta pagadia ari da berriro bere lekua hartzen. Haritzari eta ametzari gehiago kostatzen zaie; pagoak itzala ematen die, eta kosta egiten zaie. Nik uste lagundu egin behar zaiela euren lekua hartzen". 

Pagoak, zehazki pago motzak, baditu, ordea, beste arazo batzuk. Zuhaitz mota honen izate arrazoia –ustiatu beharra, alegia– desagertuta, lehen ohikoak ziren aldian aldiko mozketarik gabe hazten joan dira zuhaitzok, adarrak hautsiz edo desorekatuta zuhaitzak osorik eroriz. "Aniztasunaren gordeleku" dira zuhaitzok urte askoan, baina erakunde desberdinetatik neurri batean behintzat mantentzeko zenbait ekintza egiten ari badira ere, gehienak "laster" desagertuko direla dio Ugartek: "Da forma artifizial bat mantendu egin behar dena; adarrak moztu ezean, jausten joaten dira. Batzuek forma egokiagoak dituzte beste batzuek baino, baina pisuarekin jausi egiten dira". Zuhaitz mota hau "ustela" izaten ei da gainera barrutik: "Alde batetik onak biodibertsitaterako, baina mantenurako oso zailak dira. Ale batzuk mantendu daitezke, ezin dena da ditugun pago motz hauek denak mantendu".

Ukaezina da balio estetikoaren ikuspuntutik ere bereziak direla pago motzak. Horrelakoak jausita ikusteak min ematen du sarri, baina natura jakintsua da eta egiten du bere lana: "Zuhaitz bat jausten denean, bertako landareek, eta pago gazteek, batez ere, aprobetxatzen dute indarra hartzeko eta gora egiteko".

-----------------

Eroritako zuhaitzetan asko, pago motz edo lepatuak

Pago motzek badituzte zenbait ezaugarri oreka galdu eta jaustea errazago izatea eragiten dutenak. Gizakiaren eskurik ezagutu ez duen pago tantaiari ez bezala, enbor lodiari beste zuhaitz bat adinakoak diren hainbat adar ateratzen zaizkio. Forma bereziak hartzen dituzte, gainera, sarri zuhaitzok, eta pisua ondo banatuta ez eta oreka galdu eta erortzea edo adarrak haustea ez da arraroa izaten. "Pago motzak ziren ganadua eta basoa osagarri izan zitezen. Pago motzak aukera ematen zuen ardiak, behorrak eta behiak behean ibili zitezen, zuhaitzak mantenduz, bestela adarrak jango zituzkeen-eta ganaduak. Forma honekin ez dira horra gora iristen, eta goian dugu egurra eta behean belarra. Eta egur asko botatzen du. Behin altuera batera moztuta, adar asko ematen ditu, eta 10-15 urtean behin moztu egiten dira", dio Jon Ugartek. Zuhaitz motzak babesteko hainbat ekimen egin izan dira; baita, adibidez, Iturrigorrin ere, Life+ deritzona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak