Torturak utzitako 'Barruko arrastuak', dokumental batean

Irati Goitia 2013ko ira. 10a, 12:34

Oñatiko Euskal Memoria taldeak herrian frankismo garaitik gaur egunera arte izan diren atxilotuen zerrenda egin du eta baita torturatuak izan direnen testigantzak jaso. Horietako elkarrizketa batzuk dokumental batean batu dituzte eta irailaren 18an aurkeztuko dute 'Barruko arrastuak' izeneko lana kultura etxean 19:00etan.

"Azken bost hamarkadatan Oñatin izan diren atxilotuen zerrenda egiteari ekin genionean, datu oso gutxi genituen. Egindako lan mardularen ondorioz, baina, Oñatiko emaitza ondorengoa izan da: 168 atxiloturen izen abizenak; horietatik 26 emakumezkoak. 168 horietatik 59k torturatuak izan direla onartu dute (4 emakumeak)", adierazi digute Euskal Memoria taldeko kideek.

2011ean ekin zioten datu bilketari eta Oñatin zein Euskal Herriko beste hainbat herritan egindako bilketari esker, 2012ko abenduan Durangon egin zen Azokan Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua aurkeztu zen. "Bertan, tortura Euskal Herri osoan zabaldu den praktika dela argi gelditu zen". Euskal Memoria Fundazioak eginiko lanari esker, 9633 eta 11633 torturatu inguru egon direla kalkulatzen dela gaineratu digute.

Urrats bat harago

"Oñatin genituen datuekin, bertako Euskal Memoriako kideok, urrats bat haratago joatea erabaki genuen". Hala, batu zituzten testigantzetako batzuekin dokumental bat egitera erabaki zuten eta hainbat hilabetetako lanaren ostean, Barruko arrastuak izeneko dokumentala aurkeztuko dute hilaren 18an kultura etxean. Irudizekoekin batera egin dute dokumentala.

"Egia ezagutzera ematea"

"Tortura eta errealitate hau inguratuta dagoen zigorgabetasunaren egia ezagutzea beharrezkoa denez, hainbat urtetan euren bizipenak isilean mantendu dituzten ehunka euskaldunei tributu gisa, dokumentalaren aurkezpena egitera erabaki dugu".

Gaineratu digute egia ezagutu eta justiziari bidea guztion artean ireki behar diogula, "urrats bat emanez eta gure memoria onartuz". Izan ere, ondorengo belaunaldiek gertaturikoaren egia ezagutzeko bide bakarra memoria historikoa berreskuratzea dela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak