Antton Zubia: "Oñatiko lasterketa berezi bihur dezakegu, hirigunean egiten den proba bakarra delako"

Jagoba Domingo 2013ko ira. 10a, 02:00

Fixed bizikletak edo pinoi finkoko bizikletak errealitate bihurtu dira gurean, Oñatin batez ere. Duela astebete, Fixed Criterium lasterketa egin zuten bigarren aldiz, eta sekulako arrakasta izan zuen fixed bizikletekin korritutako lasterketak. Hala ere, ezer gutxi dakigu ziklismo modalitate horren inguruan. Historiak dioenez, 80ko hamarkadan New Yorken izan zuen hazkundea bizikleta mota horrek. Hiriburuko mezularientzat bizikleta eguneroko lan tresna zen, eta, praktikotasunaren izenean, bizikletari elementuak kendu eta fixed bizikleta sortu zuten.

Mugimendu berriari buruz gehiago jakiteko, Antton Zubia oñatiarrarekin egon gara, bizikletazale amorratua eta Fixed Criterium lasterketaren antolatzaileetako bat.

Zein izan zen fixed bizikletekin izan zenuen lehen kontaktua?

Milanen izan zen. Orain dela sei bat urte hara joan nintzen eta lau urte eman nituen han. Urte haietan, Milanen bizikleta mota hauen boom-a gertatzen hasi zen, gaur egun hemen ikusten ari garena; beraz, bertatik bertara bizi izan nuen. Oñatira udan pinoi finkoko bizikletarekin etortzen nintzen, eta ordurako beste oñatiar batek ere bazuela gogoratzen dut. Pixkanaka, zaletasuna sortuz joan zen.

Fixed bizikletek hainbat berezitasun dituzte; zeintzuk?

Hasteko, izenak dioen moduan, ezaugarri nagusia da pinoi finkokoak direla, ez du abiadura aldagailurik. Transmisioa eta atzeko gurpila zuzenean lotuta daude eta ez ditu erabiltzen ezagutzen ditugun frenoak. Horrek dakar bizikleta mugimenduan dagoenean gure bernak ere mugimenduan egongo direla. Beraz, gelditzeko, indarra edo erresistentzia egin behar zaio mugimenduari, horrela, abiadura eta bizikletaren portaera zehatz kontrolatu arte.

Azken finean, bizikleta oso sinplea da: koadroa, transmisioa eta direkzioa, hori da dena.

Frenorik gabe joatea, baina, arriskutsua dela diote askok.

Autoan joatea ere oso arriskutsua izan daiteke. Argi izan behar dugu fixed bizikleta batean joanez gero gidatzeko beste era baten gaudela. Bizikleta ondo ezagutu behar da, frenatzerakoan izango duen erantzuna zein den jakiteko. Azken finean, norberaren buruak jartzen ditu mugak, baina, ondo erabiliz gero, ez du zertan arriskutsua izan.

Beste batzuek, ordea, bizikletaren esentziara buelta dela diote; ados?

Larregi esatea da hori. Argi dago bizikleta asmatu zenean, lehenengoa pinoi finkokoa izan zela, baina, urteak pasatu ahala, ziklismoa bera aldatu egin da, beraz... hori atzean geratu da. Hala ere, nire ustetan, askok flipadia dela pentsatu arren, bizikletaren eta ziklistaren artean beste harmonia bat sortzen da. Izan ere, ezin zaio pedalak emateari utzi eta trafikoari edo bestelako mugimenduei aurre hartu behar zaie. 

Nolabait, norberaren gorputzaren luzapen bihurtzen da fixed bizikleta. Hala ere, sentsazio hori hirietan senti daiteke, Oñati bezalako herri batean oso bestelakoa da: aldapak, galtzada-harriak... Gidatzea ez da berdina.

Beraz, gurean ibiltzeko bizikleta aproposenak dira?

Ez da bizikleta mota aproposena, hiritarren bizitzarako pentsatuta dago, bertan jaio zen eta. Aldapa asko dauden herrietan indar handia egin behar da hankekin; egia esan, ez da aukerarik erosoen. Hala ere, Oñati aldean nahiko fixed bizikleta ikusten dira kalean.

Horretan ere Fixed Criterium lasterketak izango du zeresana; nola bururatu zitzaizuen lehenengoz lasterketa antolatzea?

Duela urte batzuk Bilbon antolatu zuten lasterketa batera joan ginen, eta bertan parte hartu ondoren guk ere Oñatin egin genezakeela ikusi genuen.

Lehena joan den urtean egin zenuten eta aurtengo ediziorako ikusmin handia sortu zen, ezta?

Bai, joan den urtekoa proba bat bezala planteatu genuen. Esaterako, lasterketa mota hauetan ohiko frenoak erabiltzea debekatuta dago; hala ere, lehenengoa zenez, frenoak erabiltzeko aukera eman genuen. Aurten, baina, bestelakoa izan da, lasterketa hauen ezaugarri eta erakarpen nagusienetakoa da-eta transmisioarekin soilik abiadura kontrolatzea. Ikusminari dagokionez ere, asko nabaritu dugu, askok galdetu digute noiz eta non izan behar zuen, eta partaide gehiago animatu ziren; tartean, Gijonetik etorritako bat.

Fixed bizikleta-zaleentzat ezaugarri berezia du Oñatiko lasterketak, ezta?

Bai, hirigunean egiten den bakarra da, eta, faktore horri esker, garrantzia lor dezake proben zirkuituan. Bartzelonan egon ginen abuztuan han egin zen proban, eta David Trimble estatubatuarrarekin egon ginen, Red Hook Crit Race proben antolatzailea [fixed bizikleten munduko probak], eta gure lasterketaren inguruko interesa erakutsi zuen. New Yorken, Milanen eta Bartzelonan, industrialdeetan eta unibertsitate inguruetan egiten dituzte lasterketak. Oñatikoa, ordea, hirigunean. Hori dela eta, datorren urtean kanpotarrak etortzea espero dugu. Ea zortea dugun eta egin dezakegun!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak