'Bizi Pottoka!' ekimena euskal zaldia ezagutzera emateko

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ira. 6a, 02:00

Pottokaren basa-bizitza aditzera emateko asmoz, Arantzazuko Parketxeak Bizi Pottoka! izeneko jardunaldiak antolatu ditu Pottokalekurekin batera. Abuztuaren 24an eta 31n egin zituzten aurreneko ekintzak eta bihar, zapatua, denboraldiko azkena izango da.

Euskal zaldi arraza da pottoka, ezaugarri bereziak dituena; nabarmenena, haren tamaina txikia. Eta nahiz eta historiaurretik gure artean dagoen animalia izan, oraindik ere ezezaguna da askorentzako.

Pottoka gertutik ezagutzen

Zapatuko jardunaldia 10:30ean hasiko da, Arantzazuko Parketxean bertan, eta antolatutako ekintza guztiak Aloña mendiaren magalean dagoen Pottokalekuko instalazioen artean egingo dituzte, "kokaleku ezin hobean", Arantzazuko Parketxeko Miren Elgarrestak azpimarratu duenez. Aurrena, Parke Naturaleko Interpretazio Zentroan aurkezpena egingo dute, eta, ikus-entzunezko baten bitartez, zaldi txikiaren basa-bizitza ezagutzeko aukera egongo da. "Jarraian, Pottokalekura abiatuko gara, eta pertsonen eta zaldiaren arteko harreman berezia ezagutuko dugu". Errespetuan oinarritutako harremana da bertan garatzen dutena, Jon Elortza zalditegiko jabearen berbetan.

Ekimenean parte hartzen dutenek bertatik bertara euskal arrazako zaldia ezagutuko dute, nolako hankak dituen ikusi, ukitu, laztandu...: "Zuzen-zuzeneko harremana edukitzeko aukera polita da eta pottokan ibiltzeko aukera ere badago. Jendeak ongi pasatzen du animaliaz gehiago ikasten duen bitartean".

Galzorian dagoen arraza 

Euskal mendietan ikusi izan da pottoka mendeetan zehar, historiaurretik gaur arte. Elortzak kanpoan ere arraza ezaguna dela eman du aditzera: "Europako arraza zaharrenetakoa da eta Katalunian edo Kolonbian ezagutzen dute askok".

Baina etxean ezezaguna izateaz gain, galzorian dagoen arraza da pottoka, eta horixe izan da, besteak beste, Arantzazuko Parketxeak Bizi Pottoka! antolatzeko arrazoietako bat, Elgarrestak azaldu duenez: "Naturak eta kulturak bat egiten duten ekintzak eramaten ditugu aurrera. Pottoka berez ez da animalia basati-basatia, etxeko aberea izan delako. Baina galzorian egonda eta biodibertsitatearekin dugun konpromisoa ikusita, arraza hau bultzatu gura izan dugu".

Traktoreak agertu, pottoka lan barik geratu eta arrazaren gainbehera hasi zela esan dute bai Elgarrestak eta baita Elortzak ere. "Berreskuratzeko aukera dago oraindik; turismoan kobazuloak erakusten diren moduan, pottoka ezagutzera eman daiteke. Marketina eta dirua funtsezkoak dira, bultzada emateko".

Naturarekin harremanetan

Pottokalekuko jabeak azpimarratu gura izan duenez, Bizi Pottoka! moduko ekintzekin jendartean galtzen joan den ohitura berreskuratzeko urrats bat egiten da. "Gizarte gehienetan galdu da milaka urteetan naturarekin egon den lotura. Eta ez hori bakarrik, bizitzaren garrantzia zein den ere ahaztu zaigu; orain, lehentasuna etxe bat edukitzea da, esate baterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak