Jorge Oteizaren obra Arantzazuko Gandiaga eraikinean ikusgai

Jagoba Domingo 2013ko ira. 5a, 13:38

‘Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak’ erakusketa dago ikusgai Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Artista oriotarraren azken urteetako obretan murgiltzeko aukera abuztuaren 30ean hasi, eta irailaren 29ra artean zabalik egongo da. Zapatu honetan gainera, 12:00etan eta 13:00etan bisita gidatuak antolatu dituzte, Oteizaren unibertsoa hobeto ulertzeko.

Jakina da Jorge Oteizaren eta Arantzazuko santutegiaren arteko lotura berezia eta mistikoa. Bada aurten, Oteizaren heriotzaren eta Altzuzako Oteiza museoaren irekieraren hamargarren urteurrena eta Quousque Tandem liburuaren berrogeita hamargarren urteurrena gogora ekartzeko, Jorge Oteiza: marrazkiak, estanpak eta hitzak erakusketa, jarri dute ikusgai Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Pasa den abuztuaren 30ean zabaldu zituzten ateak, eta hile honetako 29ra arte ikusgai egongo dira artista oriotarrak 1985. eta 2000. urteen artean egindako arte lanak.

70 marrazki, estanpa, poema bisual eta 12 eskultura

Erakusketa antolatzeko, Oñatiko Udalak, Arantzazuko Gaur Fundazioak eta EHUko uda ikastaroak bat egin dute, Oteizari buruz zerbait gehiago ikasteko aukera dagoela erakusteko. Bertan 70 marrazki, estanpa, poema bisual eta 12 eskulturaz gozatzeko aukera egongo da hilabete osoan zehar. Hala ere, poesia da erakusketaren mugarria; besteak beste, bitxikeria edo dokumentu historiko bezala, Albers-I eskainitako poemaren lehen idatzia ikusi daiteke, Madrid eta Irun arteko tren bidaian egunkari bateko orrian idatzia. Idatziez gain, estanpa edo marrazkiek ere garrantzia handia hartzen dute Oteizaren azken urteetako obren artean. Besteak beste 1994. urtean Paradisua deituriko marrazki sorta, edo letrak eta hitzekin sorturiko Poesiaren tokia sorkuntza. Eskulturek ere, euren tokia izango dute.

Zapatuan, hilak 7an eta 21ean, bisita gidatuak

Erakusketa ikusteko ordutegia hurrengoa da, martitzenetik egubakoitzera, 17:00ak eta 19:00ak artean; eta asteburu eta jai egunetan, 12:00ak eta 14:00ak artean eta 17:00ak eta 19:00ak artean.

Horrez gain, zapatu honetan, hilak 7an eta baita 21ean ere, Oteizaren obran sakonago murgiltzeko bisita gidatuak antolatu dituzte Felix Marañaren eta Aitor Azurkiren eskutik; 12:00etan gazteleraz eta 13:00etan euskaraz. Aukera paregabe hau ez galtzeko eta Gandiaga Topagunera hurbiltzeko deialdia egin du Biainek, Oteizaren munduan murgildu eta bertan denboratxo batez galtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak