Lunada gaina: Burgos eta Kantabria arteko muga

Mireia Bikuña 2013ko abu. 20a, 08:00

Lankide baten gomendioari kasu eginez (eskerrik asko, Xabi) Lunada mendatea igo genuen senarrak eta biok uztailaren 30ean. Lierganesen autoa utz,i eta 08:45ean hasi genuen igoera. 32,2 kilometro genituen aurretik paraje zoragarriez gozatzeko eta malda gogorretan sufritzeko. Jarraian duzuen gure abenturaren kontakizuna.

Lierganestik abiatuta, Lunadako igoeraren lehen hamar kilometroak lauak dira. Paisajeez gozatzeko aukera ematen duten horietakoak. Tarte hartan Rubalcaba eta Mirones herrietatik pasa ginen. Herri txikiak. Ez genuen bizilagunik ikusi baten ere.

Miera herrirako bidegurutzea atzean utzita, errepidea gogortzen hasi zen. 10. eta 13. kilometroen artean igo genituen ordura arteko aldaparik gogorrenak: %10eko desnibela zuten. Linto herria alderik alde zeharkatu genuen, eta han ere ez genuen bizilagunik ikusi. Apenas etxe huts batzuk eta behiak.

Lunadako igoerak (maila berezia dauka txirrindulari probatan) oso bestelako bi zati ditu paisajeari dagokionean. 17. kilometrora arte (San Roque de Riomiera herriraino) zuhaitzak eta berde kolorea dira nagusi.

Kilometro asko gerizpean egin genituen, goizeko freskura aprobetxatuz. Une askotan Araotz etorri zitzaigun burura: pareta bertikal itzelak daude, eskalada egiteko modukoak. Handik aurrera, errepidea benetan gogortzen hasten denean, paisajea erabat aldatzen da, aurrerago ikusiko duzuen moduan.

Malda gogorragoak San Roque de Riomiera da Lunadarako igoerako herri handiena, eta turistikoena. Herriko plazan turistendako informazio puntua dute, eta han bai, han hainbat bizilagun ikusi genituen okinaren zain. Animuak ere jaso genituen.

Herria atzean utzita, hasi genuen igoerako zati gogorrena: 15 kilometro, bataz beste, %6ko desnibelarekin. Gerizpeari agur esan, eta borroka galanta izan genuen bospasei kilometrotan ezpatekin (tabano). A ze nolako komeriak ezpatak uxatzeko. Nik behintzat ez nuen asmatu: hurrengo egunean 12 ziztada nituen hankatan, besoetan eta bizkarrean. Jonek ziztada bakarra jaso zuen. Odol kontua izango da...

Cobalruyoko begiratokia

Maldak gogortzen hasi zirenean, eguzkiak ederto berotzen zuen. Ordurako zuhaitz desagertu eta gerizpe barik geratu ginen. Zenbat kilometro geratzen zitzaigun jakiteko, burua jaso eta gora begiratzea besterik ez genuen behar: mendi magalean, argi eta garbi ikusten zen jarraitu beharreko bidea.

Helmuga baino bi kilometro lehenago Cobalruyoko begiratokia dago. Leku ederra, ordura arte egindako bidea eta ahalegina ikusteko. Paraje ederra argazkiak egiteko, eta zerua garbi badago itsasoa eta Santander ikus daitezke zerumugan. Guk beheranzkoan geratu ginen han erretratuak egiteko.

Begiratokia atzean utzita, 2,2 kilometro genituen helmugarako. Aurretik 30 egin ostean, oso gutxi. Baina, ze luzeak egin zitzaizkidan, alajaina. Batez ere, azken kilometro erdia. Arnas estuka heldu nintzen, baina helburua lortuta.

Beste igoera batzuk

Lunadakoa da Kantabrian dagoen igoerarik luzeena, eta horregatik, gogorrenetarikoa. Baina badaude beste batzuk ere: Campo La Cruz (388 metro), Fuente Las Varas (450 metro), Alisas (674 metro), Campo Layal (418 metro), Las Nieves (707 metro) eta Peña Cabarga (569 metro). Azken horretan bukatuko da Espaniako txirrindulari itzuliko etapa bat: irailaren 13an izango da. Orain arte aipatutako edozein igoera gomendatzen dizuet. Zorte on!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak