Usakon uda osoan partzela edo Plazentziako zubian aparkalekua. Horixe jarri zuten jokoan Soraluze eta Oñatiko gaztetxekoek lehen aldiz egin duten desafioan. Eta egun osoan hainbat frogatan lehiatu ostean, emaitza oñatiarren aldekoa izan zen. Eta txantxikuarrendako izango da munduan aparkalekua duen zubi bakarrenetarikoan aparkatzeko lekua.
Horixe emaitza. Bidean landutakoa baina, desafioa baino gehiago zen, gaztetxeko kideen kalejirako pankartak erakusten duen moduan: jai parte-hartzaile eta herrikoiak bultzatzea.

Eta lortu ere lortu zuten helburua. Horren erakusle, adibidez, sokatiran entzuten ziren plazentziarren barre eta animo ahotsak gazteendako. Lehenengo desafioa bota eta arrakastaz gauzatu dute. Izango ote da bueltarik Oñatin?