Pello Zabala: "Kritika egiteko helbururik ez dut izan, baina, zelanbait, kritikatua gertatzen da Eliza liburuan"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko uzt. 14a, 02:00

Natura, eguraldia, usadioak… berbeta gai izan ditu Pello Zabalak orain arte idatzi dituen lauzpabost liburuetan. Gai horiek ere badarabiltza bere blogean; baita erlijioari edo kristautasunari, Elizari, lotutakoak. Azken liburuxkan honi heldu dio, Joan XXIII.aren Kontzilioa Frantziskoren garairako izenburu argigarrian.

Hainbat liburu idatziak dituzu eguraldiarekin, naturarekin, jendartearekin edota kristautasunarekin lotuak. Non kokatuko zenuke liburu berri hau?

Juan XXIII.a aita santuaren Kontzilioaren 50. urteurrena zela-eta, atzera egin eta gaztetan Arantzazun Teologia ikasten ginela zela bizi izan genuen gogora ekartzen dut. Oroitzapen ederrak dira. 20 bat urte genituen eta fraide izateko prestatzen ari ginen. Gainera, pare bat maisu oso irekiak bagenituen, bide berrietakoak, Kontzilioko girokoak. 

Atzera begirako bat Kontzilioa aitzakia hartuta, hortaz?

Bestetik, Jose Luis Cortes teologo handiaren oso jarraitzailea naiz eta oso gustuko ditut haren biñetak, umore finez eginak. Egunero-egunero bat argitaratzen zuen eta Kontzilioa etorri zenean hasi zen haren gainean egiten marrazkiak eta testuak. Eta hura hasi nintzen neure erara neure blogean erabiltzen, iruzkintzen. 90 bat egin nituen, hiru hilabetez, egunero-egunero. Gustura egin nuen lan hura. Hortaz, material piloa batu nuen Kontzilioaren gainean, orduko akorduekin-eta…

Jose Luis Cortesen biñetak dira liburuaren oinarria?

Bai. Fraide batzuek ezin irakurri dituztenak argitaratu ditu hark eta niri sekulakoak iruditu zaizkit. Orain deskantsua hartu du urtebeterako, baina eskertuko genioke hurrengoan ere halako zerbait idatziko balu, ez erlijioari edo Elizari buruz bakarrik. Fraide izateari umorez begiratzen dio eta barregura eragiten du. Barre egiteak zeure tokian jartzen zaitu. Badakizu ez zarela bizi gezur onartu batean, erlijioak gauza asko eduki arren hortik, engainu modukoak. Horretan, esan beharra daukat Kontzilioaren begirada ez dela nirea izan, Cortesena baizik. Nik lana hartu dut hura itzultzen, betetzen, gure mundutxora egokitzen. Barre batzuk egin ditut gogoratuz orduko hainbat gotzainek zelakoak esaten zituzten Kontzilioa aurrera zihoalako. Hortaz, kritika egiteko helbururik ez dut izan, baina, zelanbait, kritikatua gertatzen da Eliza. 

Liburu baterako adina material batu zenuen blogean?

Bai, eta halaxe joan nintzen Arantzazuko Paulo Agirrebaltzategirengana esanez ea liburuxka baterako ematen zuen. Apur bat zuzendu, egokitu, borobildu, kapituluak sortu… eta egoki geratu da, azkenean. 

Juan XXIII.a aita santuaren gainean ere badiharduzu.

Kontatzen dut zela hil zen kantzerrarekin, zela etorri zen Pablo VI.a. Kontzilioaren aurretik ere zer lan egin genuen Arantzazun, eta abar. 

Eliza kritikatzen duzula diozu…

Orduko gorabeherak-eta ekarri ditut orrietara eta Kontzilio hark zioena Elizak barneratzeko izan ziren zailtasunak aipatzen ditut. Izan ere, ez dezagun ahaztu, esaterako, liturgia mailan latinez eta aldarean paretara begira ematen zela meza eta jendeak arrosarioa errezatzen zuela… Zer meza zen hura! Mami asko dago eta orduko kontu asko jasotzen dira. Esaterako, Gaudium et spes kapituluan ondo adierazten da Elizak non egon beharko lukeen. 

Eta Kontzilio haren 50. urteurrenean, Frantzisko aita santu berria. Hori ere berbabide duzu.

Liburuaren izenburua argigarria da: Joan XXIII.aren Kontzilioa Frantziskoren garairako. Eliza berritu nahian dabil eta haize freskoa ekarriko du aita santu honek. Ilusio handia sortu du. Jakina, ez du dena hankaz gora jarriko. Ez da bere estiloa. Baina, xumeki-xumeki, egingo ditu aldaketak hedabideetan bozgorailurik jarri barik, eta Juan XXIII.aren Kontzilioaren oinarrietara itzuliko da. Aurrekoek entziklika askorekin egin dutena baino gehiago egiten du aita santu berriak. Ilusioa ematen dit; hortaz, liburuan bi kontuak lotzea egoki iruditu zait. 

Gaztaroko Arantzazuk eta gaur egungo honek zerikusi txikia?

Kontzilioak erakutsi zigun Elizak egokitu behar zuela egungo egoeretara, seminarioak eta komentuak hustu beharra zegoela eta herrira zabaldu behar zela. Eta horrek gaur egun ere balio du. Errezoan komentuan itxita egon barik, jendartean lan egin behar da. Hori Elizak hainbatean onartu ez badu ere, jendarteak bai onartu du. Uda honetan bertan, auskalo zenbat joango diren Afrikara edo Amerikara behartsuei laguntzera. Hori lehen egiten zuten misiolariek eta gaur egun sekularrek. Orain, Elizak bidalita edo norbere kabuz?

Andu Lertxundik egin du liburuaren hitzaurrea. Zela konbentzitu duzu?

Berria-ko beste blogarietako bat da eta, bestalde, Arantzazun ikasten ibilitakoa ere bai gure sasoi bertsuan. Egokia iruditu zitzaidan. Bestalde, Joxe Arregi gure lagunari ere eskatu nion azkeneko hitz ostea-edo. Kontzilioaren etorkizunaz-eta idatzi du. Uste dut ondo borobilduta geratzen dela liburuxka, lasai irakurri nahi duenarendako. Kontzilioa eskura, xume-xume, erakusten saiatu naiz. 

Erroman harrapatu zintuen aita santu berriaren izendapenak?

Egundoko suertea izan genuen, ze telebistako Bisitaria saiorako joanak baikinen hara. Taxian, azkar-azkar, ailegatu ginen 19:00 inguruan Vatikanora eta orduantxe atera zen kea eta, gainera, ke zuria, eta ez hori bakarrik, Bergoglio frantziskotarra, gainera. Kontziliora buelta hantxe bertan ikusi genuen. Sekulakoa! 

Ezagutzen zenuen Bergoglio?

Justu irakurri berri nion Jose Luis Cortesi, aita santu berria izan zitekeela Buenos Airesko gotzain Mario Bergoglio. Eta nahiko berezia izango zela, gainera. Eta haren izena aipatu zutenean saltoa eman genuen. Euzkitzek esan zidan: "Hautagairik ez zenuela eta hara!". Egia esan, uste genuen italiarrek Scola jarriko zutela. Eliza herriko jende artera itzultzea iruditu zitzaidan aita santu berriaren izendapena. 

Erraztasun handia daukazu idazteko. Hainbat liburu argitaratuak, baina baita bloga ere, benetako dietario bihurtu duzuna ia egunero berritzen duzu-eta…

Blogarekin gustura nabil. Mendiko behatokia ipini nion izena, batez ere naturaren gainean jardun nahi nuelako. Naturan bizitzeko suertea daukagunok badakigu zer den. Natura, eguraldia, erlijioa… eguneroko kontuak, jendarte gaiak-eta, aipatzen ditut. Ia-ia egun guztietan idazten dut. Baina blogaren aurretik liburua izan zen: Naturaren mintzoa. Hura izan zen, zelanbait esatearren, plazara atera ninduena. Nire lehen liburua. Orain, bloga aukera ederra da, hortxe daukazulako leihotxoa nahi duzunean idazteko. Alde horretatik, Kontzilioaren gainean idazteko bloga suertatu zait oso aukera ona; bestela, nekeza egingo baitzitzaidan ezer idaztea gai horren gainean liburu baterako.

Ironia, kritika badarabilzu blogean gaurkotasunezko kontuetan ere…

Cortesen eragina. Tranpatxo moduko bat ere erabiltzen dut gure Hermano baserritarrarekin. Pertsonai asmatua da. Haren ahotan jartzen ditut askotan neure iritziak edo inguruan entzunak. 

Azken aipamen bat: eguraldiarekin lotutakoa. Zelakoa izango da?

Kolpeka etorri da, inork espero ez zuenean modu honetan ailegatzea. 22 egun bagoaz eguraldi eguzkitsu eta epelarekin. Horrenbeste euri egin ostean, beste garai luze batzuk izaten ditugu lehorrekoak. Edozelan ere, ez naiz ausartzen esatera zelakoa izango den uda. Beldurra ematen dit ez ote diren etorriko lehorte eta berotze galantak, negua eta udaberria bereziki muturretik etorri direlako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak