Sormen jolasen plaza egingo dute Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko uzt. 12a, 11:22

Jolasak marraztu eta margotuko dituzte Foruen plaza aldemeneko gunean. Umeek adostuko dituzte jolasen arauak eta beharrezko tresnak.

Plazaren aldamenean dagoen espazio hutsa aisialdi gune bilakatu gura du udalak, eta horretan dihardu. Umeen jolaserako gune izatea gura du, eta laster hasiko dira lehen jolasak marrazten eta margotzen. Udako oporretan egin gura dituzte lanak.

Bi ate eta bi saski

Sormeneko jolasak izango dira, ez jolas konbentzionalak. "Sormena lantzeko jolasak egin gura ditugu. Umeek euren artean adostutako arauekin edo tresnekin jolas egin ahal izatekoak", azaldu du Nerea Zubiak, hezkuntza eta euskara zinegotziak.

Baloiarekin jolasteko tokia ere egongo da, hala ere. "Badakigu Foruen plazan baloiarekin ume asko ibiltzen direla eta horri buruzko kexak entzun ditugu. Ohitura hori gune honetara ekartzea da gure helburua. Horregatik, bi ate eta beste bi saski jarriko ditugu. Frontoiaren ondoan jarriko ditugu, harrizko paretaren kontra. Partidu bat jokatzea gura izanez gero, umeek eurek jarri beharko dute beste atea, jertseekin edo eurek ondo iritzitako beste baliabide batekin", zehaztu du Zubiak.

Bi ate eta bi saski horiek dira, hain zuzen, aisialdi gune horretan jarriko dituzten altzari bakarrak. Hormaren kontra jarriko dituzte, eta euren parean ez dituzte inolako marrarik margotuko. "Ez dugu baldintzatu gura. Altzari horiek hor egongo dira eta jolastea gura dutenean eurek erabakiko dute ze espazio hartu jolasterako. Bestetik, frontoi ondoan jarri ditugu altzari horiek, frontoi aldera umeak erakartzeko, modu horretara egun baino erabilpen handiagoa emateko frontoiari", zehaztu du Zubiak.

Jolasak, guneka

Foruen plazako iturritik frontoira bitartean dagoen lurzoruan egingo dituzte jolasak. Lurrean marraztu eta margotuko dituzte. "Asmoa da espazio handi hori gune ezberdinetan banatzea, eta gune bakoitzean jolas ezberdinak margotzea", dio Zubiak.

Gernikako zuhaitza dagoen inguruan, esaterako, jolas dinamikoak marraztuko dituzte. Lau hauek, adibidez: zenbakietan eta irudietan zatituta dagoen koloretako suge erraldoi bat; twister jolasaren antzekoa, hau da, koloretako puntuak margotuko dituzte lurrean eta botatzen diren fitxek erabakiko dute zein koloreren gainean jarri ezkerreko edo eskumako eskua edo hanka; saltoka, txapekin edo beste modu askotara pasa beharreko koloretako labirintoa; lurrean margotutako zenbakidun laukien gainera harria bota eta hanka baten gainean, txingoka, harria hartu eta hasiera puntura bueltatzeko jolasa.

Txantxiku ikastolako eskailerak dauden gune horretan, partxisera edo dametara jolasteko margotzeak egingo dituzte. Guneak lotzeko, gainera, bidegorri moduko bat egingo dute, bizikletekin, umeen motor txikiekin, patinekin edo patineteekin egiteko modukoa. Erdian geldituko den espazioa, berriz, klarionarekin margotzeko izango da, arterako espazioa.

Ikastetxeekin batera

Proiektua bera hirigintza sailetik abiatu zen, baina hor egin beharreko jolasak eta euren helburuak zehazteko, hezkuntza sailera pasa zuten; hezkuntzako, gazteriako eta liburutegiko teknikariek landu zuten. Hezkuntza saila herriko ikastetxeekin eta kale hezitzaileekin jarri zen harremanetan gero, guztien artean adosteko aisialdi gunearen antolaketa. "Oso pozik gaude erantzunarekin. Ikastetxeen aldetik proposamen asko jaso ditugu", adierazi zu Zubia zinegotziak. "Jolas hauetarako fitxak, dadoak edo dena delakoa, esaterako, ikastetxeetan egin dezakete, gainera, eskulanetan", jarraitu du Zubiak.

Marrazte eta margotze lanak enpresa batek egingo ditu udako oporretan eta irailerako bukatzea da asmoa. Datozen egunetan jolas gune bakoitzaren planoak egingo dituzte.

Azoka hortxe egingo da gero ere

Aparkalekua zegoen tokian marraztuko dituzte jolasak, lurrean. Horrek, baina, ez du eraginik izango gune horretan antolatu ohi diren beste ekitaldi batzuekin, zapaturo egiten den arropa azokarekin adibidez. Hain zuzen, ekitaldi horiek egin ahal izateko saiatu dira jolaserako ahalik eta altzari gutxien jartzen. "Asko jarriz gero, oztopo bihurtuko lirateke azoka edo beste edozein ekimen antolatzeko, traba egingo luketelako", dio Nerea Zubiak. Arropen azoka, beraz, hortxe egingo dute aurrerantzean ere, joan den urritik egiten duten bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak