Euskal literatura eta poesiaren historian beste pasarte txiki bat idatzi da gaurkoan Arantzazun. Frantziskotarrek ia 40 urtez gorde dute Gabriel Aristiren Harrizko herri hau liburuaren eskuizkribua, Meli Esteban, Arestiren alargunari eman diote bueltan. Poz handiz itzuli diote liburuaren originala, hala ere, pena puntu bat izan dutela ere aitortu dute Arantzazuko liburutegiko arduradunek. Arantzazuko liburutegiak altxor bat galtzen duela esan dute, hala ere, gizarteak beste altxor bat irabazten du. Arestiren lanaren corpus guztia bateratua izatea garrantzitsua dela azpimarratu dute, horrela ikerketak errazteko.
Meli Esteban alargunaren eskerrak
Liburua 1970. urtean argitaratu zen, eta urte batzuk beranduago, Enrike Villar, Lur argitaletxeko zuzendariak Arantzazura eraman zuen bertan salbu egongo zelakoan. Hala izan da, eta ia 40 urte hauetan eskuizkribua salbu izatearren eskerrak eman nahi izan dizkie Estebanek gaurko ekitaldi xumean.
Historia eta poesia
Ekitaldia Arantzazuko Gerediaga eraikinean egin dute, eta bertan eskuizkribua itzultzeaz gain, 60ko hamarkadan hasi zen Aresti eta Arantzazuren arteko harremana gogora ekarri du Pablo Agirrebalzategik. Bertan ezagutu zuen Bitoriano Gandiaga eta bi idazleak hainbat pasarte bizi zituzten batera. Ekitaldiaren amaiera aldera, Pello Zabalak, Gandiagak Arestiri buruz egindako poema bat errezitatu du emozioz gainezka.
Mikel Ayerbe izan da liburua aurkitu duen ikerlea beste zerbaiten bila zegoen bitartean; Ayerbek, eskuizkribua zuzenketak egin aurretikoa dela uste du, duen idazkera dela eta. Ekitaldia amaitzeko, entregaren agiria sinatu dute Estebanek eta Jose Mari Arregik.