Aitor Orueta: "Alavesko kadete txikia erronka polita da, Aloña osasuntsu utzita"

Mireia Bikuña 2013ko eka. 27a, 02:00

Aitor Oruetak (Oñati, 1975) Aloña Mendiko koordinatzaile lana utzi eta Gasteiz alderako bidea egingo du. Alaveseko kadete txiki taldeaz arduratuko da. Nazional mailako entrenatzaile titulua lortuta, azpiegitura profesionala duen klub batera egin du salto. Etxekoen eta lagunen elkartasuna dauka erronka berriari aurre egin ahal izateko.

Zorionak! Etxetik gertu, baina profesionala den klub bateko kide izango zara.

Eskerrik asko. Erronka polit bezain gogorra izango da. Baina ezin nuen aukera galtzen utzi. Hasteko gogoz nago.

Bat-batean hartutako erabakia izan da, ala ondo hausnartutakoa?

Denboraldi hasieran esan nion Aloñako zuzendaritzari klubean  egin beharreko bidea bukatzear zegoela. Urte asko eman ditut Aloñari onena emateko lanean, eta, egoista izanda, entrenatzaile lanetara itzuli gura nuela esan nien. Hori horrela, harrobiko talde baten ardura hartu nuen irailean, baina, kanpoko eskaintzaren bat jasoz gero, Aloña utziko nuela esan nien. Denboraldi osoa egin dut Oñatin, eta orain jaso dut eskaintza.

Nola jaso zenuen proposamena?

Alaveseko harrobiko futbolaren egungo koordinatzailea eta denboraldi berriko koordinatzailea gelakide izan ditut entrenatzaile titulua lortzeko ikasturtean. Eurengandik jaso nuen kadete txikia entrenatzeko eskaintza. Asko harritu ninduen, baina pozik nago. Ezin dut ukatu.

Aloñan zuk egindako entrenatzaile lana ezagutzen zuten?

Gauza bera galdetu nien nik, eta ezetz esan zidaten. Ez nautela inoiz zuzenean lanean ikusi, baina eskolan izandako jarrerak eta futbolarekiko dudan zaletasunak eta lan egiteko gogoak euren arreta piztu zutela. 

Futbolaren gainean ditudan ezagutzengatik eta aurrera egiteko dudan ilusioarengatik aukeratu naute.

Proposamena onartu aurretik, asko hausnartu zenuen?

Proposamena egin zidan unean, azterketa praktiko baten erdian geunden. Une hartan, eskaintza ahaztu, azterketa egin eta etxera joan nintzen. Hurrengo egunean telefonoz deitu eta baietza eman nion. Ezin nuen ezetzik esan. Aurrera egiteko aukera bikaina da. Futbola nire bizitza da, eta Alavesera joateko aukera, akaso, errepikaezina. 

Gainera, etxetik gertu eta klub profesional baten.

Beste edozein lekutako eskaintza jasota ere ez nukeen ezetzik esango. Baina bai, Gasteiz etxetik gertu dago eta Alavesek azpiegitura profesionala dauka.

Kadete txikien taldeaz arduratuko zara. Aurten ere txikiekin ibili zara Oñatin.

Aloñan 13 urteko mutikoekin ibili naiz, eta Alavesen 14koekin. Maila ezberdinetan daude, baina, adina oso antzekoa denez, ondo moldatuko naizela uste dut.

Ze mailatan jokatuko duzue?

Maila territorialean jokatuko dugu. Arabako taldeek Errioxakoekin jokatzen dute maila horretan: Gasteiz, Laudio, Amurrio... Kadete nagusien taldeak Euskadiko Ligan jokatuko du.

Urduri, kezkatuta, arduratuta... Nola zaude une honetan?

Gehien kezkatzen nauena hartuko ditudan jokalarien inguruan daudenen influentziak dira: izan guraso, lagun edo kanpoko beste edozein faktore.

Alavesen dauden mutikoek profesional mailara heldu gurako dute, eta, bide horretan, gurasoen lana oso inportantea da. Indar handia dute mutikoengan. Bada, eragin hori zenbaterainokoa den jakiteak arduratzen nau gehien. 

Gasteiz etxetik gertu dago, baina entrenamenduak eta lana bateratzea ez da erraza izango. Nola moldatuko zara?

Aurten murrizketarekin egon naiz lanean, entrenatzaile titulua atera eta infantilen lan saioak antolatzeko. Datorren denboraldiari begira, lana eta futbola bateratzen ahaleginduko naiz. Dena den, futbola lanaren gainetik dago une honetan, eta aukeratu beharra ez izatea espero dut.

Egitura profesionala duen elkarte batera joateak gauza txarrak izan ditzake. Entrenatzailearen lana ez bada ona, edo emaitzek laguntzen ez badute, kaleratua izan zaitezke.  Mentalizatuta zaude?

Bai, salto handia da: herriko klub batetik, klub profesional batera. Aloñan sinatutako kontratuek ez daukate klausularik, soldatarik ez daukagun neurrian. Alavesekoak izango ditu. Oraindik ez dakit zenbat urterako kontratua sinatuko dudan, baina, profesionala den unetik, exijentzia maila handia ekarriko duela badakit.

Gainera, emaitzak onak ez direnean, entrenatzailea arriskuan egoten da, eta ni egoera horretan egon naiteke. Dena den, egunen baten kalera joan behar badut, nire printzipioak sendo mantenduta joango naiz. Burua tente izanda. Ez daukat zalantzarik.

Futbol profesionala ezagutzeko aukera izango duzu, baina Aloñan egindako urteak ez dituzu berehala ahaztuko, ezta?

Hori ezinezkoa da. Ni oñatiarra naiz eta Aloña barnean daramat. Aloñarenganako sentimendua oso indartsua da. Ahazten ez den horietakoa.

Hain justu ere, sentimendu hori berpizten eta indartzen eman dituzu azken lau urteak.

Bai, hala da. Zuzendaritza batzordea niregana laguntza eske etorri zenean, garbi esan nien zeintzuk ziren nire helburuak: lokartuta zegoen sentimendua esnatzea eta indartzea; eta etxeko jokalariz osatutako talde nagusia izatea. Helburuak betetzeko inbertsio handia egin zuen zuzendaritzak, eta lanean hasi ginen. 

Harrobiko taldeekin kirolzaletasuna, parte-hartzea, autonomia eta entrenamenduak nola antolatu landu genuen. Gainera, lau urteren ondoren, lortu dugu etxeko jokalariz osatutako taldea izatea. Aloña Mendi osasuntsu dago kirol arloan, eta horren adibide da 15 egunean behin Azkoagainen dagoen giroa. Lagunarte bat sortu dute eta bufandak egin dituzte.

Aloña osasuntsu uzten duzu, orduan!

Bai. Alaveseko kadete txikien taldea erronka polita da, baina  lasaiago noa, Aloña Mendi osasuntsu dagoela ikusita.

Azkoagainen ikusiko zaitugu?

Bai, horixe! Partiduek uzten didatenean Azkoagainera joango naiz. Sentimendu hori ez da galduko. Egun naizena Aloña Mendiri zor diot. Hori esan diet zuzendaritza batzordekoei. 19 urterekin Aloñan hasi nintzenean, eta egun, Aloña utzi dudanean, zuzendaritzan pertsona berberak daude. Elkarrekin egin dugu bidea. Elkarrekin hazi gara. Horregatik guztiagatik, lerro hauek aprobetxatu gura ditut guztiei eskerrak emateko: klubeko arduradun, jokalari, guraso eta zaleei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak