Ixidro Palacin: "Udalean eman nituen lau urte haietan, nire burua herritar moduan ikusten segitu nuen"

Imanol Gallego 2013ko eka. 25a, 14:11

Ixidro Palacin (1948) saltsa guztietako perrexila da. Irekia, zintzoa, alaia... Ez hitza gutxitan erabiltzen duen pertsona horietako bat da. Familia Cacerestik etorri arren, berehala Oñatira egin eta bizimodua hemen egin du. Extremaduratik herrira etorritako lehen familia izan zen, eta aurrenekoa izatea gogoko duela dirudi: ETEOko garaiko peritaje merkantil diplomaturako lehen promozioa ere izan zen. Cegasa eta Ulma enpresa oñatiarrak barrutik ezagutu ostean, bere esperientzia eta prestutasuna Udalean erakutsi zituen.

Aukera ausarta egin zenuen. Lana zeneukan, familia... Hala ere, zinegotzi izateko hautagai aurkeztu zinen; zergatik?

Ez zen aukeraketa bat izan. Nik ez nuen lana utzi, Ulman lanean jarraitzen nuen bitartean bete nituen zinegotzi karguaren eginbeharrak. Egia esan, ez zen inoiz nire planen barruan egon, baina animatu egin ninduten, eta, kirol mundua ongi ezagutzen nuenez, laguntzeko aukera ikusi eta proposamena onartu nuen. 

Familiak nola hartu zuen politika mundura egindako saltoa?

Nik ez nuke politika hitza erabiliko. Udalean eman nituen lau urteetan nire burua herritar moduan ikusten segitu nuen. Kirol arloa ezagutzen nuelako onartu nuen zinegotzi kargua, ez EAJn karrera egiteko.

Herri txiki batentzat lan egiteak arlo onak eta txarrak izango ditu.

Alde batetik, herria eta haren beharrak ezagutzeko aukera ematen du. Bestalde, gertutasun hori, kritikak jasotzeko orduan, igarri egiten da. Jendeak kritika gehienak nire lana hobetzeko egiten zizkidanez, ongi hartzen nituen. Lau urte haien balorazioa oso positiboa da.

Duela 20 urte, kirolari gaur egungo garrantzi bera ematen zitzaiola esango zenuke?

Baietz esango nuke. 1991rako garrantzi handia zuen. Oñati, zorionez, herri kirolaria da eta jende asko mugitzen duen arloa da kirola. 

Azpimarratzekoa da Oñatin bezalako herri txiki batean kirolak duen indarra.  

Horrek asko pozten nau. Inguruko edozein probatan oñatiar ugari izaten dira beti. Hori, Aloña Mendi klubari zor diogun zerbait da. Ez nago ziur, baina bederatzi kirol bateratzen dituen kluba dela uste dut. 

Kirola eta gazteria batera doazen arloak dira?

Agintaldia hasi genuenean, ez zegoen gazteria jorratzen zuen zinegotzigorik, eta guk sortu genuen. Gu Udalera iritsi aurretik, herrian gaztetxe bat zegoen. Gure ustez, ez zen behar bezala kudeatu eta gaztelekua sortu genuen. Gazteek batzeko toki bat behar zuten, eta, aldi berean, alkoholik eta tabakorik gabeko gune bat nahi genuen. Ez zen proiektu erraza izan, baina gazteleku kuriosoa egin genuela uste dut. Urteek arrazoia eman digute, oraindik martxan segitzen du-eta.

Kiroldegiak kirolaren muina izan behar du? 

Ez beti; Oñatiren hedaduragatik ezinezkoa zen kirol eskaintza guztia kiroldegian zentratzea; horregatik, auzoetako kirol azpiegiturak indartu egin genituen. Zubillagako frontoia konpontzeaz gain, Olakuan eta Etxaluzen dauden kantxak ere atondu genituen. 

Enpresa pribatutik etorrita, udal baten funtzionamendua desberdina dela esango zenuke?

Nire arloan, gutxienez, bai. Guk dirua antolatu eta banatzen genuen, ekintza gehienak kanpotik antolatzen ziren-eta. Esparru pribatuan, aldiz, ekintza gehienak enpresa barrutik sortu eta kudeatzen dira.

Partida bakoitza antolatzea lan nekeza izango da.

Hala da, bai. Garai hartan, gainera, Udalak Oñatiko ur-jauzien kontuagatik zor handia zuen, eta partida bakoitza nori eman eta nola kudeatu behin eta berriro begiratu beharreko kontua zen. Hala ere, agintaldi osoa murrizketak egin gabe igarotzea lortu genuen.

20 urte pasa ondoren, egindako lanarekin gustura zaude?  

Gaztelekuaren kasuan, agerikoa da. Kirol arloan, aldiz, herriak ez du atzera egin eta zerbitzuak hobetzen joan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak