Erramun Osa: "Hezkuntza-lege propio bat eraiki eta sasoi bateko adostasuna gaurkotu dezakegu"

Leire Kortabarria 2013ko eka. 26a, 14:01

Euskararen, Euskal Herriko hezkuntza sistemen, euskalduntzearen eta LOMCE legearen gainean egin zuen berba Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak ekainaren 19an, eguaztenean, Oñatiko EAJk antolatutako hitzaldian. Osaren iritziz, Wert-en erreformari baino gehiago, etxeko beharrei begiratu beharko lioke hezkuntza-komunitateak.

Lomce delako lege organikoa onartu egin da. Nola baloratzen duzu hori?

30 urteko tarte batean 7. aldaketa bati buruz hitz egiten ari gara, eta ez da ona horrenbeste aldaketa horren denbora laburrean egitea. Beraz, kezkagarria da. Baina lege proposamen honek badauka oinarrizko beste arazo bat: gutxieneko oinarrizko adostasunik gabe –politikoa, soziala eta, bereziki, hezkuntza-erkidegoarena– jaiotzen dela. Eta, beraz, ez ditu kontuan hartzen ez nazioartean, ez Espainian arrakastatsuagoak diren hezkuntza-sistemak, eta horien ekarrietatike z du ezer jasotzen.

Euskadiko hezkuntza-eredua Europatik gertuago dago, emaitzei, eskola-porrotari… dagokienez.

Euskadiko hezkuntza sistema saiatzen da ikasle bakoitzaren bizi-baldintzak zernahi direla (ingurune soziala, ekonomikoa, kulturala, familiarra) haiek orekatzen, eta aukera-berdintasuna guzti-guztiei ziurtatzen saiatzen da. Horregatik dago hain uzte-tasa baxua Espainiako beste erkidegoekin alderatuta: % 35 ingurukoa da Espainiako erkidego batzuetan, eta Euskadin, % 11,5ekoa. Alemaniaren uzte-tasa % 10,5ean kokatzen da. Aipatzen dira Wert-en legean Polonia, Austria, Herbehereak, Britainia Handia… baina ez da aipatzen Espainian bertan badirela hezkuntza sistemak, eta batzuk besteak baino arrakastatsuagoak direla.

Oñatin esan zenuenez, luze joko du Lomce aplikatzeak, azkenean aplikatzen bada.

Oso baikorrak izanik, urtearen bukaera iritsiko da Espainiako Gorteek onartzen dutenerako. Bestalde, legeek makuluak, dekretuak behar izaten dituzte. Eta behin legea onartu eta gero, pentsatzekoa da Kataluniak eta Euskadik konpetentzia kontuak planteatuko dituztela Konstituzio-Auzitegian. Errealistak izanik, 2014/15 ikasturtean abian hartzeko moduan egongo da? Ez dakit. Ikusi izan dugu bestelako neurriak hartu izan dituenean Espainiako Gobernuak, onartu eta urte eta piku behar izan dela. Horrek ez die kentzen saioari eta egiten diren adierazpenei inolako larritasunik, baina gaur egunean izan dezakeen eragin maila nahiko apala da. Baina hemen daukagu gure indarra, eta egin dezakegun horretan jarri beharko genuke gehiago atentzioa. Eta hemen badaukagu aukera, eskumen esklusiboak digutulako, hezkuntza lege propio bat eraikitzeko, eta hezkuntzan bere sasoian gertaturiko adostasun hori gaurkotzeko, helburu berriak lortzearen baitan, eta horrek eskatzen du horretan jarri beharko genukeela; erakunde publikoak, herri-erakundeak, sindikatuak, eragile diferenteak, alderdi politikoak eta hezkuntza-erkidegoan ari diren indar guzti-guztiak. 

Ze helburu finkatu beharko genituzke, bada; zertan hobetu daiteke Euskadiko hezkuntza-sistema?

Gure hezkuntza-sistemak, ekitateari dagokionez, integrazioari dagokionez, egin du ibilbide bat eta, maila baten, arrakasta handikoa. Hizkuntza eskuratzeari dagokionez, eredugarritzat hartzen da Europan hizkuntza minorizatuak dituzten bestelako hezkuntza-erkidegoetan. Eta hizkuntzaren indarberritzeari dagokionez badaukagu eskarmentua, baina atzerriko hizkuntzen eskuratzeari dagokionez ere, Europako beste lurralde batzuk baino aurreraxeago gaude. Badugu eskarmentu pilatu bat eta horren oinarria izan da hezkuntza-erkidegoan, orobat, egon den gutxieneko adostasun hori. 

Baina ikusi behar duguna da zerk ez duen funtzionatzen. Hezkuntzak zerbait gehiago egin dezake: hizkuntzaren indarberritzeari, atzerriko hizkuntza eskuratzeari, gaitasun jakinak lantzeari dagokionez; edo titulartasunaren ikuspegia eraberrituz, ze hor ikuspegi batzuk ditugu eredu nahiko zentralistatik datozenak, Frantziatik eta Espainiatik edan izan dugulako; gerturatzea ikastetxeen titulartasuna tokian tokiko errealitateetara;  ikastetxeen autonomia, hezkuntza-proiektu propioak garatu ahal izateko, tokian tokiko errealitatera egokituak. 

Badaukagu ibilbide bat egina, baina ibilbide bat eginkizun ere bai. Nonbaiten inbertitu behar badugu, hezkuntzan inbertitu behar dugu, horrek sor dezakeelako etorkizunean izan dezakegun gizartea gizarte kohesionatu bat izatea.

Euskalduntzeari dagokionez, beste zer egin dezake hezkuntzak?

Ikuspegi integratuago bat izan dezakegu hizkuntzen trataerari buruz ari garenean. Etapa batetik bestera gertatzen diren etenak bideratzeko moduak baditugu. Ikastetxe baten dauden hizkuntzen ikuspegi osatu eta oso bat izan dezakegu; baten lantzen ditugun trebetasunak besteetara trasferitzeko saioa egin beharko genuke, eta ez planteatu hizkuntzen eskuratzea  modu independentean, baizik eta elkar-eraginean. Bestalde, ikas-materialetan erabiltzen dugun hizkuntza hurrekoa gerta dadila; irakaslegoaren prestakuntza oinarrizkoa izan dadila, eta horrek esan nahi du unibertsitateekin egin behar dela plan hori, eta aukera batzuk ditugu: oso epe laburrean irakasle asko irtengo dira, erretiroa hartuko dutelako, eta irakasle andana sartuko da hezkuntza sistemara. Horrek eskatzen duena da planifikazioan eta aurrera begirakoan gutxieneko adostasun bat. 

Orain, ezin diogu hezkuntzari eskatu gizarteko gabeziak konpontzea. Nola da posible ikastola batean eta bestean, kokagune geografikoaren arabera, ikasle batek daukan hizkuntza-gaitasuna horren diferentea izatea? Bistan da tokian tokiko ezaugarriek baldintzatzen dutela hizkuntza-gaitasun hori. Familia-hizkuntza euskara den edo ez den; ingurunean euskara baliatzeko aukerak dituen edo ez dituen… hori erabakigarria da. Hizkuntzaren berreskuratzea gehiegi ardaztu da hezkuntzan egiten den ahaleginean. Horrek eskatzen du ikuspegi zabalagoa izatea eta administrazioan, zerbitzuetan, aisialdian… bestelako jardun aktiboago bat eskatzen du, eskolan edo euskaltegian euskara ikasten dutenek euskara baliatzeko egiazko aukerak izan ditzaten han eta hemen. 

Euskaraz egiteko moduak egokiak iruditzen zaizkizu?

Pentsatu egin beharko genuke nora arte lortzen dugun gure hizkuntza-eredua adierazgarri izatea, baliagarri izatea, komunikagarritasunarekin lantzea… Nik kezka handiz ikusten dut zabarkeria zabaltzen denean nonahi, edo ustezko euskarazko tx-ak txertatuz erdarakadak nonahi azaltzen direnean. Ez dut uste horrek inolako mesederik dakarkionik hizkuntzaren indarberritzeari. 

Eta horrek ez gaitu eraman behar kontrol ikuspegi batetara. Eraman behar gaitu beste honetara: denon ardura izan behar duela darabilgun hizkuntza txukuna izatea, hurrekoa, adierazgarria… Aisialdian edo eremu diferenteetan dabiltzanak darabilten hizkuntza horretaz kezkatzea eta kontuan hartzea familiek eta euskaltegietan dabiltzanek egin duten ahalegina, eta horregatik zor zaiela gutxieneko begiramendua. Euskara zerbaitekin lotu behar badugu, atsegingarri gertatzen zaizkigun jarduerekin lotu behar dugu. Euskara ez dadila izan ezeren traba izan, gauzak egiteko bidelagun baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak