Jolasteko ere behar da denbora

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 23a, 15:01

Ganbara Txikik estreinatu duen Tiempo musikalak eman zion hasiera Ganbarako Kantu Eskolek zapatuan Santa Anan egin zuten ikasturte bukaerako emanaldiari.

Denbora ondo aprobetxatu behar dela eta denetariko gauzak egiteko denbora hartu behar dela. Horixe da Ganbara Txikik zapatuan aurkeztu zuen Tiempo musikalaren mezua. Denbora kapritxosoa dela, luzea edo motza izan daitekeela eta etekina atera behar zaiola. Gurasoendako eta seme-alabendako da mezua.

Jolaserako denbora falta

Naroa Zumaldek antzezten duen Leire da musikaleko protagonista. "Leirek jolas egin gura du, baina amak saskibaloia, musika edo beste zerbait duela gogorarazten dio beti. Eta Leirek jolasteko denbora izatea gura du", dio du Zumaldek. Ezintasun horren aurrean, etxetik ihes egitea erabakitzen dute hiru lagunek. Dordoka bati jarraiki, jolasten pasatzen dute arratsalde osoa, parkean lo gelditu arte. Hurrengo goizean, goseak, etxerako bidea hartzen dute. Gurasoak zain dituzte. "Barkatu, baina guk jolas egin gura genuen", erantzun diete gaztetxoek. Denek ulertu dute denetarako atera behar dela denbora, dantzarako, ikasteko, jolaserako zein lanerako.

Ganbarak gazteleraz egin duen lehen musikala da. "Jatorrizko lana gazteleraz dago idatzia, eta horri eustea erabaki dugu", azaldu du Aitor Biain zuzendariak.

Ikasturtea amaierako kontzertua

Tiempo musikalak eman zion hasiera Ganbarako Kantu Eskolek zapatuan Santa Anan egin zuten ikasturte bukaerako emanaldiari. Oholtza gainean, 3 eta 16 urte bitarteko 100 gaztetxo inguru, txandan txandan, kantuan eta dantzan, eta eserlekuetan, beste horrenbeste senide. Ganbara Txikiz gain, bi tailerrek, Ganbara Txikitxoak eta Ikastetxeetako abesbatzak ere abestu zuten. Eli Mendiaraz eta Arazeli Guridik jo zuten pianoa eta Aitor Biainek, Miren Gurutze Plazaolak eta Josu Zubiak zuzendu zituzten taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak