Doinu gogorrak eta ska alaia, ia udako gau luze baterako

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 15a, 14:30

Oñatiko Olakua auzoko jaiek lehen gau indartsua izan zuten atzo. Hiru taldez osatutako kontzertu sorta prestatu zuten antolatzaileek: bi herrikoak bertakoak, Herstura eta Ro, eta hirugarrena azkenaldian oso ezaguna egin den Vendetta talde nafarra. Azken hauek ikusmin handia piztu zuten, batez ere nerabeen artean.

Iragarritako baino ordu erdi beranduago, Hersturak eman zion hasiera Olarako jaietako kontzertu sortari. Ez da ardura makala izaten oraindik ere hotz samar dagoen publikoaren aurrera irtetea, baina laukoteak, urtetan elkarrekin jotzeak dakarren esperientziarekin, apurka apurka giroan sartu zituen entzuleak. Ohituta ez dagoenarentzat doinu gogorrak, bortitzak lantzen dituzte, baina euren emanaldiak iraun zuen hiru ordu laurdenetan argi utzi zuten egiten dutena ondo kontrolatzen dutela, eta badakitela zaleak gustura nola utzi.

Iraupen antzerako izan zuen gaueko bigarren taldearen emanaldiak, RO hirukotearenak, hain zuzen ere. Talde moduan lehen kontzertua zuten atzokoa, eta akaso horregatik, baina hasieran apur bat kosta zitzaien puntua aurkitzea. Baina taldekideek badute esperientzia oholtza gainean (kideetako bi, Harriet Aiala eta Unai Lete Asfiksia taldean ibilitakoak dira) eta minutuek aurrera egin ahala, erosoago nabaritzen zitzaien. Euren abestieak jo zituzten, baita bertsioren bat ere, esaterako Social Distorsion taldearen Untitled kantua.  

Vendettaren ordua

Ordubatak inguruan hasi zen gaueko izarren, Vendetta nafarren kontzertua. Ordurako jende asko zegoen batuta Olakuako plazatxoan: adinari dagokionez denetarik zegoen arren, gaztetxoak ziren nagusi. Nafarren ska doinuak oso ezagunak egin dira azkenaldian, besteak beste irratietan izandako presentziari esker, eta publikoari nahi zuena eskaini zioten: kantu martxosoak, itsaskorrak, entzun eta berehala geratzen diren horietakoak. Ska da Vendettaren zigilua, baina rock erritmoek eta reaggeak ere izan zuten euren tokia Fuimos, somos y seremos Tour biraren barruan egubakoitzean eman zuten kontzertuan.

Taldearen beraren ibilbidea ez da oso luzea; taldekideena ostera, bai (Skalariaken aritutako kideak daude Vendettan), eta eskarmentua badutela erakutsi zuten Oñatin. Eskarmentua bakarrik ez, baita ikusleei giro ona transmititzeko musikariek euren artean izan behar duten harreman ona ere. Zentzu horretan, Pello Reparazek (tronboia eta ahotsa), Ruben Antonek (tronpeta eta atezko ahotsak), Javier Etxeberriak (gitarra eta ahotsak), Luisillo Kalandrakak (baxua eta ahotsa) eta Enriko Rubiñosek (bateria eta perkusioa), ederki moldatzen direla erakutsi zuten.

Euskara eta gaztelera tartekatuz, taldea ezagun egin duten Buonasera, Hertzainaken Egunero, Udarako gau luzeak eta bisetan jotako Begitara begira bezalako abestiek dantzan, kantuan eta saltoka jarri zituzten ikusleak.  Deigarria eta dibertigarria izan zen baita ere The Monsters telesailaren sintoniaren bertsioa, Pulp Fiction pelikulan agertzen den Dick Dalen Misirlou ezagunaren notekin zipriztindutakoa. Erritmo ezberdinekin jolastea gustatzen zaiela argi utzi zuten, batukada ere jo zuten-eta. Ia ordu eta erdi egin zuten nafarrek agertokian; mendeku ederra, gustura hartzen diren horietakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak