Saguzarrak ezezagunak bezain beharrezkoak dira

Imanol Gallego 2013ko eka. 9a, 02:00

Ez dira animalia erakargarri edo bukolikoenak, baina saguzarrak, daukaten izen beltz eta ilunetik urrun, oso animalia baliagarriak dira. Hilaren 5ean, Ingurumenaren Egunaren harira, Arrikrutz koban animalia bitxi horiek ezagutzera emateko ekimena abiarazi dute.

Aurten saguzarrak aukeratu dituzte, eta aurreko urteetan ere ospatu dute egun hori: "Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugun hirugarren aldia izango da eta aurreko urteetan izan dugun arrakasta errepikatzea espero dugu", dio Jaione Igartuak, Arrikrutzeko gidariak. 

Gidariaren eta antolatzaileen helburua argia da, gure ingurumena sostengatu eta orekatzen duten elementu ezezagunak jendeari hurbiltzea. Horretarako, argazki erakusketa, tailerra, Arrikrutz eta Jaturaben txangoa...: "Natura hobeto zain  dezagun informazioa ematen saiatzen gara", dio Igartuak.

Gure inguruak espezie askoren ekosistema dira eta haien arteko orekari eustea ezinbestekoa da. Juan Tomas Alcalde adituaren hitzetan, "saguzarrek oreka hori bermatzen dute". Animalia horien inguruko kondairak ere gezurtatuko ditu: "Zentzurik gabeko istorioak dira". 

Argazki erakusketa

Gainera, saguzarren ohiturak ezagutzeko, hilaren 16ra arte Arrikrutzeko harreran argazki erakusketa egongo da. Argazki bakoitzak bere azalpentxoa izango du, eta, horri esker, animalia horren bizimodua azalduko dute. Eta sakontzeko gogoz daudenek www.secemu.org-en informazio gehiago aurkituko dute.

Haurrentzako bisita tailerra  

Hezkuntza kontuak gaztetatik hasi behar direnez, lehen saio didaktikoa eurentzat izango da. Bihar, 6 urtetik gorakoek saguzarren mundua ezagutzeko aukera izango dute. 16:30etik aurrera, Arrikrutzeko harrerako argazkia ikusi ostean, koba barrura sartuko dira eta, arratsaldea bukatzeko, eskulan gisa saguzar bat egingo dute. Horrek guztiak sei euroko kostua izango du eta izena ematea beharrezkoa da. Hala ere, erakusketak irauten duen bitartean, ekintza ugari doan egongo dira. Saguzarren inguruan egingo diren ekimen guztien berri izateko, Arrikrutzeko 943 08 20 00 telefonora dei egin daiteke.

-----------------

Juan Tomas Alcalde (biologoa): "1.200 espezietatik, 3 bakarrik dira odolzaleak"

Biologia ikasketak bukatu eta gero, 1990. urtean bere tesia saguzarren inguruan egin zuenetik animalia haien kontserbazioa eta dibulgazioa bere ogibide bilakatu da.

Saguzarrak ez dira oso animalia erakargarriak, baina naturarentzat oso mesedegarriak dira. Hala da, gure inguruan dauden motek intsektuak jaten dituzte, eta, haien lanari esker, izurriteak kontrola ditzakegu.

Euren hondakinak ere oso preziatuak dira. Guanoa oso ongarri ona da. Zenbait kasutan, gainera, landare dezenteren hazia zabaltzeko balio izaten du. 

Intsektuak, fruta... Euren dieta banpiro batenetik asko aldentzen da. Mito bat besterik ez da. Munduan 1.200 saguzar mota daude eta horietatik hiruk edaten dute odola, gainontzeko guztiek ez dute odolik edaten. Hala ere, normalean, ez dute gizakien odolik edaten. 

Nondik dator ospe hori? Bram Stokerrek erruaren zati bat dauka. Hark idatzi zuen Dracula eta bertan saguzar hitza aipatzen ez zen arren, gauean zelatan ibiltzen zen animalia ilun arraro bat agertzen zen; horrela sortu zen kondaira.

Saguzarrak arriskuan daudela esango zenuke? Zenbait mota bai, baina jeneralean ez. Edozelan ere, babestuta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak