Atez ateko bilketa hasteko eskaera Mankomunitateari

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mai. 31a, 19:22

Maiatzeko osokoan egin du eskaera Bilduk, joan den eguaztenean; EAJk sistemaren "inposizioa" salatu du.

Hondakinak gaika biltzeko atez ateko sistema martxan jartzeko eskatu zion Udalak Mankomunitateko Gobernu Batzordeari eguaztenean egindako osokoan. "Sistema horren hirugarren eta azken fasean sartzera goaz Oñatin, eta hori bideratzeko gestioak hastea eskatzen diogu Mankomunitateari", adierazi zuen Mikel Biain alkateak Bilduren izenean. EAJk kontrako botoa eman zuen. "Udal Gobernuaren gestio txarra eta gardentasun ezaz gain, inposizioa dela ere esan gura dugu. Beste herri batzuetan modulatzen ari dira Bilduren aukera, eta hondakinak jasotzeko era ezberdinak proposatu dira, baina hemen hasieran erabakitako planteamendua ezarri gura da, sistema horren aurka batu diren sinadurak kontuan hartu barik", adierazi zuen alderdi jeltzalearen bozeramaile Lourdes Idoiagak.  

Gai horren inguruan "herritarrak ilusioz eta aldaketarekin hasteko prest" ikusten dituela adierazi zuen alkateak eta "ilusio" hitza zehazteko eskatu zioten osokora joandako hainbat herritarrek. "Ilusioz baino gehiago, derrigorrean jaso dute herritarrek materiala", adierazi zuen herritar batek. Ilusio hori nola neurtzen duten ere galdetu zuen beste batek, eta zenbatekoa den jakiteko zergatik ez duten herri galdeketa egiten galdetu zion hirugarren batek. Horren kontrara, beste herritar batek esan zuen hauteskunde programan zetorrela atez ateko sistema eta herritarren gehiengoak aukera horren aldeko botoa eman zuela. Galde erreguetako tarte horretan, tentsioa sortu zen Lourdes Idoiaga eta Josu Lizarralde zinegotzien artean, eta Idoiagak osokoa utzi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak