Atez atekoari ongietorria emateko ekitaldia egin dute Oñatin

Arritxu Barruso 2013ko mai. 25a, 18:31

Oñati Zero Zabor taldeak antolatuta atez ateko hondakinen bilketa sistemari ongietorria emateko ekitaldia egin dute gaur eguerdian herriko plazan. Zero Zabor taldeko ordezkariek oñatiarrak zoriondu nahi izan dituzte "erronka berri honen aurrean erakusten ari diren jarrera arduratsuagatik". Ongi etorri ekitaldian izan dira baita ere Hernani Zero Zabor taldeko Pello Zubiria eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeko Ainhoa Arrospide.

 

"Oñatiarron hondakinak ez dira erraustuko. Ongi etorri atez ate" zioen pankartaren bueltan batu dira gaur eguerdian Oñatin atez ateko hondakinen bilketa sistemari ongi etorria emateko. Oñati Zero Zabor taldeko ordezkariek hartu dute hitza eta lehenik eta behin eskerrak eman dizkiete bai herritarrei eta baita Oñatiko Udalari ere: "Oñati Zero Zaborretik lan handia egin dugu azken bi urteetan eta bidelagun izan zaituztegun guztioi eskerrak eman beharrean gaude. Era berean Oñatiko Udala ere eskertu nahi dugu hondakinen gaian arduraz jokatuz eta errauskailurik gabeko Gipuzako bat izateko helburua garbi izanik erabaki zuzena hartu duelako". 

Gipuzkoa Garbiaren jarrera "arduragabea"

Atez ateko sistemaren kontrako Gipuzkoa Garbia plataformak pasa den astean egindako deialdia ere kritikatu dute eguerdiko ekitaldian: "Gipuzkoa Garbia plataformak egindako boikoterako deialdia erabat arduragabea da. Hondakinen kudeaketan intsumisiorako aldarrikapena eta etxean hondakinak sailkatzeko ontziak ez batzeko deialdia egiteak garbi erakusten du zein den beraien bidea, ahal den zaborrik gutxien sailkatzea birziklapena zailtzeko eta ahal den gehien erraustegira eramatea bertan erretzeko. Intsumisioa eta boikota beti izango dira zilegi eta herritarron borroka-tresna, baldin eta helburuak gizartearentzat onuragarrriak badira". Zentzu horretan adierazi dute pozik daudela ontziak jasotzera deitutako herritarren %89ak jada jaso dituelako ontziak.

Hernani eta Gipuzakoko ordezkariak

Pello Zubiriak hartu du ondoren hitza, Hernani Zero Zabor taldearen izenean. Oñatiarrak zoriondu nahi izan ditu eta baita lasaitu ere: "Atez atekoa martxan ipini eta hamar egunera beldur guztiak desagertuko dira eta zalantzak zituzten horiek ere esango dute: 'Hau al zen guztia?", adierazi du Zubiriak.

Amaitzeko Gipuzkoako Zero Zabor taldearen izenean Ainhoa Arrospidek hartu du hitza: "Gaikako bilketa sistemaren gaian, Gipuzkoan, dagoeneko badaukagu urtetako esperientzia eta emaitzak eztabaida ezinak dira. Edukiontzien sistemak porrot egin du eta inoiz ez da lortu %40ko gaikako bilketa gainditzea. Aldiz, atez ateko sistema jarri den herri guztietan %70eko gaikako bilketa lortu da sistema jarri eta hilabetera. Oñatin ere lortuko duzue", azaldu du Arrospidek.

Oñati ere atez atekoaren mapan

Ekitaldia amaitzeko Gipuzkoan atez atekoa martxan dagoen herriak koloretan jasotzen dituen mapan Oñatiko herria gehitu dute. "Ikusten duzuen moduan mapa honetan gainontzeko herriak grisak dira eta gure asmoa da mapa hori Gipuzkoako ahalik eta herri gehienetara eramatea eta kolorez janztea", azaldu du Ainhoa Arrospidek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak