Hondakinak gaika biltzeko kuboak eta materiala banatzen hasi dira gaur Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mai. 22a, 14:20

San Martin eta Ugarkalde auzoetako bizilagunak izan dira lehenak hondakinak gaika batzeko materiala jasotzen. Gaurtik ekainaren 4ra bitartean banatuko dute materiala. Landa auzoetan bizi direnek ekainaren hasieran jasoko dute, eta auzo alkateen bitartez egingo dute banaketa hori.

San Martin eta Ugarkalde auzoetako bizilagunak izan dira lehenak hondakinak gaika batzeko materiala jasotzen: organikorako, errefusarako eta papererako kuboak, plastiko eta ontzi arinendako poltsa horiak, zalantzak argitzen lagunduko duen hiztegitxoa eta hondakin bakoitza zein egunetan atera behar diren gogorarazten duen imandun egutegia.

Horixe da banaketa orokorra, bakoitzak, baina, tokatzen zaiona hartuko du. Hau da, organikoa zintzilikarioetan aterako duten herritarrek, bi ontzi marroi jasoko dituzte eta papera eta kartoia atariko edukiontzian jasoko dutenek, ez dute kubo urdin txikirk hartuko, atariko ardura duen bizilagunak hartuko du atarirako edukiontzi urdin handia.

Materiala jasotzeko, Nortasun Agiria aurkeztu beharko du herritarrak, eta etxe horretan normalean hondakinak gaika sailkatuko dituenaren telefonoa ere eskatuko diote.

Astelehenetik, kiroldegian

Gaur, bihar eta etzi, ETEO eraikinean egongo dira materiala banatzen. Gaur, esaterako, San Martin eta Ugarkalde auzoetako bizilagunek jaso ahal izango dute. Bihar eta etzi, berriz, Olakua eta San Lorentzo auzoetan bizi direnek.

Astelehenetik aurrera, Bidaurretatik behera bizi diren herritarren txanda izango da. Bizilagun horiek kiroldegian jaso beharko dute materiala eta atarietan oharra jarriko du udalak zein kalek zein egunetan jaso behar duen jakiteko. Ordutegia gaurko bera izango da datozen egunetan ere: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Auzoetako banaketa

Ekainaren 4a bitartean egingo dute banaketa; Zubillagako bizilagunek jasoko dute materiala egun horretan. Horiei, auzora bertara eramango zaie materiala eta adieraziko den lekuan jaso beharko dute. Gainontzeko landa auzoetara ere ekaina hasieran eramango dute gaur banatzen hasi diren materiala. Kasu horietan, banaketa, auzo alkateen bitartez egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak