Oñatiko Udal Gobernua: "EAJk herritarrak nahastu nahi ditu"

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mai. 16a, 20:28

Udal Gobernuak "gezurtatu" egin ditu EAJren salaketak. "Herritarrak nahastu" nahi izana egotzi dio, eta egin beharreko prozedura guztia "berme osoarekin" egin dela azpimarratu du.

Udal Gobernuak "gezurtatu" egin du EAJren salaketa, prentsa ohar bidez. "EAJk dioenez, Debagoieneko Mankomunitateak hiri hondakinen bilketari dagokionez eginiko esleipen prozesuan, irregulartasunak tarteko, epaile batek aginduta, esleipena bertan behera gelditu da eta, beraz, Oñatiko hondakinen gaikako bilketa sistemaren ezarpena bertan behera gelditu da", dio erredakziora bidalitako prentsa oharrak. 

Udal Gobernuak gehitu du: "Argi eta garbi esan behar dugu hau gezurra dela. Oñatiko Udal Gobernuaren iritziz, Mankomunitateko langileekiko errespetu falta nabarmena da eta, horrez gain, era arduragabean herritarrak nahastu nahi izana ikusten dugu. Egin beharreko prozedura guztia berme osoarekin egin da eta EAJri gogorarazi behar zaio Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera, esleipen erabakiaren aurkako errekurtso honek kontratazio espedientearen tramitazioa eten egiten duela, Administrazio Organoaren ebazpen azkarra aurreikusten baitu. Beraz, etete hau automatikoa da, Administrazio Organoak ez du oraindik errekurtsoaren muina aztertu. Bien bitartean eman diren eta emango diren pauso guztiek berme juridiko osoa izango dute".

EAJ-k egindako gainerako salaketei ere erantzun die udal gobernuak. Jeltzaleek salatu zuten Udalak ez duela azaldu zenbat ordaindu beharko duten oñatiarrek sistema berriarekin. Udal gobernuak zera erantzun du: "Urrian onartutako ordenantza fiskaletan eta otsaileko osoko bilkuran onartutako aldaketetan oñatiarrek hondakinen kudeaketagatik ordaindu beharreko tasa onartu zen; beraz, badakizue –EAJri zuzenduz– oñatiar bakoitzak ordaindu beharko duena: iazkoa bezain beste, auzokonposta egiten duenak %25eko hobaria izango duelarik. Zergatik gezur hauek?".

Bilduk inolako azterketa ekonomikorik ez duela aurkeztu ere salatu du EAJk, eta alkateak erantzun Debagoieneko jeltzaleen ordezkaritzak mankomunitateko kontuhartzailetzatik jaso duela informazio hori. EAJren beste salaketa bat da atez atekoaren gaineko erabakia hartu aurretik gobernuak ez diola euren udal taldeari informaziorik eman, ezta Ingurumen eta hirigintza batzordean ere, eta informazio eskean ibili behar izan dutela. Alkateak erantzun du hondakinen gaineko mahai baterako eta batzorde monografiko bat eratzeko egindako deiak aktan jasota daudela eta EAJk inoiz ez duela erantzunik eman.

Biainek esan du baita ere Diputazioak onartu duela alde zaharrerako udalak egin duen proposamena, eta aldundiko teknikariek adierazi dutela egun edukiontziek baino inpaktu txikiagoa izango dutela zintzilikarioek.

EAJk eskatu dio gobernuari birpentsatu dezala atez atekoaren gaineko erabakia Bildu agintean duten beste udal batzuek egin duten bezala. Gobernuak berretsi du ekainean ezarriko dela Oñatin atez atekoa eta eskerrak eman dizkie herritarrei ezarpena arteko prozesuan parte hartu izanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak