"Oñatiko Gobernuak atez ateko zintzilikarioak ipintzen jarraitzen du, epaileak Debagoiena osoko zabor bilketarako lehiaketa geldituta badu ere. Oñatiko alkateari ez zaizkio axola kontrako idatzia sinatu duten 2.416 oñatiarrak; are gehiago, erantzun ere ez die egin. Ez du kontuan hartu Debagoienean azken hauteskundeetako bozka emaileen %55ek atez atekoaren aurka egin dutela espresuki eta ez dirudi beste herri batzuetan proposatu diren adostasunezko irtenbideak ere kontuan hartzen dituenik, hala nola benetako prebentzioa, birziklatzea, eta berrerabiltzea hobetuko duten txip bidez kontrolatutako edukiontziak", adierazi dute jeltzale oñatiarrek.
"Bilduko Gobernuaren kontrol lanetan, behin baino gehiagotan eskatu diogu gardentasuna zabor bilketa sistemari dagokion prozesu osoan. Ez digute informaziorik eman erabakia hartu aurretik", diote prentsa oharrean. "Salatu nahi dugu atez aterako zintzilikarioak ipintzen jarraitzen dutela inolako azterketa ekonomikorik aurkeztu gabe, ezta oñatiar bakoitzak ordaindu beharko duena ere jakin gabe. Bereziki larria iruditzen zaigu gaur egun oraindik ez dagoela plenoko erabakirik indarrean dagoen hondakin bilketa aldatu eta atez atekoa ezartzeko. Eskatzen diogu egin dezala elkarrizketaren alde, horretan beti egongo gara gu alderdi bezala, eta entzun dezala oñatiarrek aldarrikatzen dutena; eta azkenik, Bilduk Elgeta, Azpeitia edo Zumaian hartu dituen erabakiak aintzat har ditzala".