Oinarrizko euskara ikastaroa, ostalariendako

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mai. 16a, 16:11

Euskaraz bizi izateko, taberna eta ostatuetan ere euskaraz egitea garrantzitsua delako antolatu du ikastaroa Oñatiko udal euskaltegiak.

Ostalaritzan lanean dabiltzanenendako euskarako ikastaroa antolatu dute bigarrenez udal euskaltegian. "Ikastaroa oinarrizkoa izango da, euren lanean egunerokotasunean sor daitezkeen egoerak euskaraz ulertu eta helarazten jakiteko. Adibidez, eguneko menua euskaraz idatzi edo ordaindu beharreko zenbatekoa euskaraz esaten ikasteko", adierazi du Roberto Altuna, udal euskaltegiko zuzendariak.

Euskaraz bizitzeko

Ikastaro honekin, ostalaritzako zerbitzuetan ere euskaraz egin ahal izatea lortu gura da. "Euskaraz bizi ahal izateko, kalea euskararendako irabaztea oso garrantzitsua da, eta zerbitzu publiko zein pribatuak dira beharrezkoak horretarako. Azken horietan sartzen dira, esaterako, taberna eta ostatuak, eta horietan lana egiten duten langileak, noski. Horiek euskaraz ulertzeko eta bezeroari euskaraz erantzun ahal izateko mailan egotea oso garrantzitsua da kaleko giroa euskaraz izateko. Eta horixe da, hain zuzen, gura duguna: kaleko giroa ez galtzea euskararako", azaldu du Altunak. "Esparru guztietan izan behar dugu aukera euskaraz bizitzeko, baita kaleko giroan hain sustraituta dauden taberna eta jatetxeetan ere, eta hori lortu aldera geuk ere gure ahalegintxoa egin gura dugu, lagundu gura dugu", gehitu du.

Izenematea zabalik

Eta ahalegin horretan, oinarrizko euskara ikastaroa antolatu dute udal euskaltegian taberna, ostatu edo jatetxeetan lana egiten dutenendako. "Bezeroak ordua eskatuz gero ordua nola eman, edarien eta jatorduen izenak euskaraz jakin, urtaroak eta bakoitzaren barruan dauden ohiturak ezagutu, taberna edo jatetxe barruan oharren bat idatzi behar badu nola idatzi eta antzerako egoerak landuko ditugu eta horiek euskaraz nola egin irakatsiko dugu ikastaro horretan", zehaztu du euskaltegiko zuzendariak.

Bigarrenez egingo dute ikastaroa. Joan den urtean, esaterako, 15 lagunek eman zuten izena. Ikastaroa, baina, bi zatitan egin zuten, tartean abuztua zegoela, eta aurten erabaki dute dena jarraian egitea; maiatzean hasi eta uztailean bukatu. Hilaren 24a aurretik eman behar da izena, udal euskaltegiko bulegoan.

Ikastaroa Oñatiko udal euskaltegiak antolatu du baina Debagoienako beste udal euskaltegiei ere eman die horren berri, bailarako beste herritarren batek interesa izanez gero, etortzeko aukera izan dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak