Eneko Blanco: "Disfrutatzeko unea da, baina ezin gara horrekin geratu: lan ona egin gura dugu"

Mireia Bikuña 2013ko mai. 7a, 02:00

Eneko Blanco (Oñati, 1981) bideo artean dabil azken egunetan. Zilarrezko LEB mailarako igoera prestatzen dihardu. Katalunia, Madril eta Andaluzia aldeko taldeen kontra jokatu beharko du Natra Oñatik. Oraindik ez dakite non –Plasencia edo Malaga– eta zein talderen kontra, baina badakite noiz: hilaren 24tik 26ra. Erronka handia da. Oñatiko taldeak azken urtetan izan duen bilakaeraren azken pausua. Zaila dela badakite; baina, lauko finalean egonda, igotzeko aukerak dituztela ere badakite.

Hiru urtetan mailaz maila igo zineten lehen nazionalera heldu arte. Handik EBAra eta orain Zilarrezko LEBera igotzeko lauko finalean zaudete. Bilakaera itzela.

Bai. Orain arte egindako bidea oso ona izan da. Iaz ez genuen EBAn mantentzeko kirol-meriturik egin, baina aurten bai. Denboraldi borobila egin dugu. Hainbat gorabehera izan ditugu, baina urte ona egin dugula esango nuke. Gure multzoko txapeldun izan eta igoera faserako sailkatzea lorpen historikoa dela uste dut.

Igoera fasean lau taldeko lau multzo egongo dira. Guztira, 16 talde. EBAko talde indartsuenak, eta horietako bat Natra Oñati da. Ondo pasatzeko momentua da.

Hilaren 24tik 26ra jokatuko duzue fasea, baina ez dakizuen non eta noren kontra. Nola prestatzen diharduzue igoera?

Gure aurkari izan daitezken taldeen bideoak ikusten gabiltza. Ez daukagu izen zehatzik, baina igoera prestatu beharra daukagu nola edo hala. Lau taldeko multzoa izango da, eta hiru partidu jokatuko ditugu. Puntu gehien lortzen dituenak jokatuko du Zilarrezko LEB mailan.

Aste bukaera intentsua izango duzue. Lehenengo partidua irabaztea garrantzitsua izango da.

Bai, batez ere taldeari emango liokeen konfiantzarengatik. Lehen partidua galtzeak ez du esangura igotzeko aukera barik geratuko ginatekenik. Lehenengoa galduta, huts egiteko tarte barik geratuko ginateke. Taldearen konfiantzarako lehenengo partidua irabaztea oso ona litzake. Hori horrela, lehen partidua prestatzen dihardugu. Emaitza horren arabera antolatuko ditugu beste bi lehiak.

Bideoak, entrenamenduak, igoera fasera heltzeko gogoa... Nola kudeatzen dituzue horiek guztiak?

Aurreko astean arlo fisikoa landu genuen, eta ez dugu partidurik jokatu. Gaurtik aurrera, ohiko entrenamenduak egingo ditugu: bi orduko hiru entrenamendu. Gainera, lagunarteko partiduak jokatuko ditugu: igoera fasearen aurreko aste bukaeran, bi egunetan bi lehia.

Igoeran hiru egunetan hiru lehia jokatuko ditugu, eta ez gaude dinamika horretara ohituta. Jokalariek lan handiagoa egin behar dute hiru egunetan, eta lehia batetik bestera nola indarberritu ikasi beharko dugu. 

Eta azken astean, arlo psikologikoa landuko duzue?

Lehenengo partidua prestatuko dugu. Bi entrenamendu egingo ditugu, astelehen eta eguaztenean. Lan fisiko handia egin barik, jokaldiak landuko ditugu.

Igoera fasea disfrutatzeko unea dela esan diguzu, baina hori baino gehiago izango da zuentzako.

Saskibaloiko profesionalen antzera biziko dugu. Europako lauko finalean edo Errege Kopan taldeek bizi dutenaz disfrutatzeko aukera izango dugu. Elkarrekin gosaldu, batzar teknikoak egin, bazkaldu, siesta, partidurako elkartu... Gozamena izango da. Hori bai, gure asmoa ahalik eta lan onena egitea da. Azken fasean egonda, igotzeko aukera errealak ditugu, baina badakigu zaila eta gogorra izango dela.

Denboraldi borobila egin duzue. Igoera lortzen ez bada, urteko balorazioa aldatu egiten da?

Igoeratik lana ondo egin dugunaren sentsazioarekin itzultzen bagara, gustura egongo gara LEB mailara ez igo arren. Dakigun jokoa egiten badugu, baina emaitzak ez badira igoera lortzeko bestekoak, pozik egongo gara. 

Triste itzuliko gara, baina igoera faseko lanak ezin du zapuztu denboraldian egindakoa. 

Igoera lortu edo ez, Natra Oñatik 2012-13 denboraldian egindako lana asko baloratuko da hilabete edo urte batzuk pasa ostean.

Hala da. Lorpen historikoak hotzean baloratzen dira gehiago, eta gurea ere, horrela baloratuko dugu jokalari eta arduradunok, eta baloratuko dute besteek.

Plasencian edo Malagan jokatu, duda barik, zaleen falta nabarituko duzue.

Bai. Plasencian jokatzen badugu, akaso banaka batzuk animatuko dira, baina Malagan bada, oso zaila izango da zaleen laguntza izatea. Zubikoan 300-400 zale artean elkartu dira lehia guztietan, eta askotan esan dugun arren, euren laguntza oso inportantea izan da une askotan. Lerro hauen bidez, eskerrik beroenak zale guztiei.

Denboraldia hiru zatitan banatuko nuke: irailetik otsailera, otsaila bera, eta otsailetik maiatzera arte. Ados zaude?

Bai. Denboraldia hiru zatitan banatuko nuke, baina denboraldi-aurrean egindako lana ere aipatuko nuke. Lan itzela egin genuen. Euskal Kopako finalerdietara heldu ginen joko ona erakutsita. Piropo asko jaso genituen orduan: talde indartsua genuela, goiko postuetan egoteko jokalariak...

Eta denboraldiko lehen zatia oso ona izan zen.

Lau partidu jarraian irabazi genituen, tartean Zornotza eta Santurtziren kontra. Teorian gure multzoko talde indartsuenak zirenak. Lehen itzulia partidu bakarra galduta bukatu genuen.

Otsailean, lautik lau porrot.

Santurtziren kontra 38 puntugatik galdu genuen. Otsailaren 9a zen. Min handia egin zigun emaitza hark, eta jarraian beste hiru galdu genituen. Hilabete gogorra izan zen. 

Bitxia da: otsailean egin genituen urteko entrenamendu saio onenak, intentsuenak, gogorrenak... baina asteko lanak ez zigun fruiturik ematen aste bukaeran. Arlo psikologikoa asko landu genuen.  Lau porrot haiekin sailkapena asko estutu zen. Atzeko taldeak indartsu zetozen, eta gu, nahi eta ezin genbiltzan.

Estelaren kontra irabazita, argia ikusten hasi zineten berriro.

Bagenekien partidu bat irabazita, bolada onarekin hasiko ginela berriro. Hala izan zen. Lehia gogorrak izan ditugu martxotik  maiatzera. Asko sufritu dugu puntuak irabazteko. 

Denboraldiko une onena eta txarrena.

Onena, Zornotzaren kontra euren kantxan jokatutako partidua. Josean Cavada izan zen pibot bakarra. Baja garrantzitsuak genituen, baina taldeak joko bikaina egin zuen.

Eta txarrak, hainbat: kirol ikuspegitik, otsaileko emaitzak eta Asier de la Iglesiaren gaixotasuna; eta pertsonalean, etxean izandako gaixotasuna.

Hurrengo denboraldiari begira zer aurreratu genezake?

Oso goiz da oraindik. Saskibaloi federazioak urtetik urtera mailen egituraketa asko aldatzen du. Arlo ekonomikoa ere kontuan hartuko dugu. Gainera, jokalarien egoera ere aztertu beharko dugu: taldean geratzeko gertu daudenak, bajak... Hausnarketa sakona egin beharko dugu guztiok: entrenatzaile, jokalari, eta zuzendaritzako kideek. Baina, hori igoera fasearen ondoren izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak