Oñatiko alkate Mikel Biainek Lourdes Idoiagak gaur goizean prentsaurrekoan esandakoei honela erantzun die.
Idoiagak zioen Bilduren udal gobernuak ez dituela bete udal tramitazioan ezarritako prozeduren arauak: "Ez dute aurkeztu, obligazioa izanda ere, Ingurumen batzordean edo Zerbitzu batzordean atez atekoa abian jartzeko osotasuneko proiekturik; behintzat, udal batzordeetan aurkeztu gabe diktamenerako edo ebaluaziorako. Bertan, hainbat ikuspegi izaten dira baloratu beharrekoak eta, besteak beste, gune historikoan izango duen eragina".
Alkateak ukatu egin du Idoiagaren salaketa, eta dio hartutako erabaki denak "hartu beharreko organoetan" hartu direla, eta "lege baldintza guztiak beteta". Dio ez dela batzorde monografiko bat egin gaiaren gainean, baina batzordeetan aztertu aztertu dela gaia. Eta zehazki, gune historikorako proposamena EAJri helarazi ziotela eta gaia aztertzeko bilera eskaini ere bai, baina jeltzaleek ez dutela bildu nahi izan.
Lourdes Idoiagak agerraldian gehitu du Oñatiko gune historikoak monumentu-multzo izendapena duela, eta gune publikoetan egin beharreko edozein aktuaziok monumentu-multzoarekiko integrazioa eta bateratasuna bermatu behar duela. Udalak zintzilikarioen ezaugarri eta kokapen zehatzekin proiektua idatzi eta Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu behar zuela, honek baimendu zezan: "Hori da ez dena bete EAJk eskatu arte eta gaur egun ez dugu ezagutzen azken diktamena zein izango den edo nola jokatuko duen Foru Aldundiak", zioen Idoiagak.
Oñatiko alkateak dio Diputazioarekin harremanetan dagoela Udala gai hau dela-eta, eta egin beharreko tramiteak egin dituela hirigintza sailak. Eta zehazten du Gune Historikoan ez dela "inongo inpakturik" izango, ez direla, adibidez, ontziak paretetan zintzilikatuko, orain edukiontziak dauden lekuan egongo direla esekitokiak.