Lau gune horiek martxan ipini ondoren, beste bi geratuko dira. Hasiera batean Olapoto inguruan eta Errekalde 24 atzeko zelaian aurreikusita zeuden guneak aldatu egin zituen Udalak. Hango bizilagunen eskaera aintzat hartuta, Olapotokoa Eteo zaharraren aurreko zelaira aldatu zen eta Errekaldekoa, hango 31-33 bebarruen aurreko zelai handira. Bi gune horiek bi aste barrurako erabilgarri egotea espero dute udal arduradunek.
Batzar informatiboak
Bestalde, Udalak atez atekoari buruz urtarrilean hasitako parte-hartze prozesuak urrats bat gehiago egingo du maiatzean. Hainbat batzar informatibo egingo dituzte. Batzar horiek, berez, otsailean egitekoak ziren. Urtarrilean auzo eta kale guztietako atarietako arduradunek Udalak proposatutako txosten bat jaso zuten. Horietan, bilketa egutegia eta atari bakoitzaren zintzilikarioen kokagunea adierazten zieten. Gainera, atari bakoitzeko bizilagunek beste hainbat erabaki hartu behar zituzten: poltsa edo kubo horiak erabili, papera eta kartoia atarika batzea, bilketa gauez edo egunez egin... Datu horiek guztiak ezagutarazteko batzarrak atzeratu egin zituen Udalak. Antza, herritarrek egindako ekarpenak asko ziren eta horiek guztiak ondo aztertzeko denbora hartu zuten udal arduradunek. Bada, orain deitu dituzte batzar informatibo horiek (ikus beheko taula)
| Eguna | Ordua | Lekua | Hizkuntza | Norendako |
| Maiatzak 6 | 19:00 | Eteo zaharrean | Euskaraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 7 | 10:00 | Eteo zaharra | Euskaraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 7 | 19.00 | Eteo zaharra | Gazteleraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 8 | 10:00 | Kultura etxea | Euskaraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 8 | 19:00 | Kultura etxea | Euskaraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 9 | 15:00 | Kultura etxea | Elebitan | Merkatariendako |
| Maiatzak 10 | 10:00 | Santa Ana | Gazteleraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 13 | 10:00 | Santa Ana | Zuzola institutua | Herritarrendako |
| Maiatzak 14 | 10:00 | Santa Ana | Euskaraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 14 | 19:00 | Zuazola institutua | Gaztelera eta gor-mutuak | Herritarrendako |
| Maiatzak 15 | 10:00 | Kultura etxea | Euskaraz | Herritarrendako |
| Maiatzak 15 | 19:00 | Kultura etxea | Euskaraz | Elkarte gastronomikoak |
Erakusketa
Bestalde, zintzilikarioen behin betiko kokalekuak zeintzuk izango diren jasotzen duen planoa ikusgai ipiniko dute Santa Anako beiratean, hilaren 29tik aurrera. Jatorrizko lekuaren gaineko ekarpenak egin zituzten atarietako arduradunei telefonoz deituko diete, behin betiko kokalekuaren berri emateko. Dei hori jasoko dute aldaketaren bat izango duten bebarruek.