‘Burua eta bihotza’ lelopean, murala egin du Oñati Zero Zabor-ek

Goiatz Arana Begiristain 2013ko api. 23a, 13:27

Kasablankatik San Pedrora bitartean dagoen bidegorriko paretan egin du murala Oñati Zero Zabor plataformak, ondorengo leloa erabilita: "Erraustegia: burua ondo daukanak ez du bere etxe ondoan nahi, bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi. Zero Zabor, burua eta bihotza".

Plataformako kideen hitzetan, horrekin esan nahi izan dutena da "ahaztu egiten zaigula gure hondakinak biltzeko moduak lotura zuzena daukala Gipuzkoa osoan hondakin horiek tratatzeko erabiliko diren metodoekin", eta Zubietan egin nahi zuten errauskailua dakarte gogora: "Ezin dugu ahaztu orain dela gutxi Zubietan errauskailu bat eraiki zutela ia. Gero errauskailuaren eraikuntza bertan behera geratu zen, baina hori ez zen kasualitatea izan: lotura zuzena eduki zuen Gipuzkoako hainbat herrik hondakinak selektiboki jasotzeko erakutsitako asmoarekin. Izan ere, lotura zuzena dago hondakinak biltzeko aukeratzen den sistemaren eta berauen tratamenduaren artean".

"Zabor nahasia, arazoaren muina"

"Ez baditugu hondakinak modu eraginkor batean jasotzen (atez ateko sistemekin, alegia), zabor nahasi asko eta asko geratuko zaigu eta beti kontuan eduki behar dugu zabor nahasi hori dela arazoaren muina. Errauskailura eraman ezkero errauskailuak zabor hori erre ondoren sustantzia oso kutsakorrak isuriko ditu airera eta horretaz gain eskoria eta errauts toxikoak geratuko zaizkigu, azken horiek zabortegi berezietara eraman beharko ditugularik", diote Oñati Zero Zabor plataformatik. 

"Lurrarena dena (zaborraren %50 inguru izaten den hondakin organikoa) lurrari itzularazi behar diogu. Ezin gara hori zabortegietara edo errauskailuetara bidaltzen ibili! Beraz, ez dugu errauste planta eta zabortegi kutsakorrik gure etxe ondoan nahi. Baina gure zabor nahasia (guk gaizki egin izanaren ondorioa), Gipuzkoako beste herri batzuei ordainarazteko bezain bihotzgabeak izango al gara?". Hori da, euren esanetan, "batzuek behin eta berriz eragotzi nahi duten galdera", eta hori da, hain zuzen, "Oñati Zero Zaborreko kideek mural hori egitearen arrazoia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak