Baserri-paisaien balioa agerian jartzeko ekintzak Arantzazun

Ruben Cuesta 2013ko apirilaren 10a

Deba-Garaia, Debagoieneko Landa Garapen Elkartea, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zortzi Landa Garapen Elkarterekin batera landa-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimenean murgilduta dabil. Hori dela eta, ekintzak proposatzeko saioa apirilaren 18an burutuko da.

Etorkizunari begira, landa-paisaietan bizimodua irabazten dutenek bizi baldintza duinak izan ditzaten moduak bilatu nahi dituzte. Bide horretan proposamenak egitea bilatuko du proiektu honen hurrengo faseak, eskualdeko baserri-paisaietarako ekintza zehatzak mahai gainean jarriz.

“Oso nabarmena da baserri-paisaiek euskal kulturaren testuinguruan esanahi berezia dutela, bertako nortasuna, historia eta kulturaren oinarrizko elementu direlako, sinbolismoz beteak” gaineratu dute antolatzaileek.

Beraz, elementu bereizgarriak kontserbatu zein baserri-paisaien balioa agerian jartzeko ekintza aproposenak identifikatzeko saioa burutuko da. Saio horren helburuak aurreko saioetatik ateratako ondorio nagusienak gogoratzea, ekintzen finantziazio modu berriak aztertzea, eta landa-paisaien balioa agerian jartzeko ekintzak lantzea dira. Saioaren ondoren, proposatutako ideiak sakondu eta eskualdeko administrazioei, eragile sozial eta ekonomikoei aurkeztuko zaizkie, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzeko asmoz.

Beraz, apirilaren 18an, 19:00etatik 21:00ak arte, Aitzazabal Arantzazuko elkartean egingo den saio irekian parte hartzera dei egiten dute. Saioa bakarra izatea aurreikusten dute antolatzaileek eta eztabaida formatuan oinarrituko da. Parte hartzeko aldez aurretik konfirmatu beharko da paisaia.atl@paisaia.com posta elektronikoan edo 686 738 152 edo 943 335048 telefonoetara deituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak