Bilboko Dada Company enpresak Gabonetan kaleratu zuen euskarazko aplikazioa, baina honek ere badu Debagoieneko ukitua; Pernan Goñi oñatiarrak emandako ukitua. Hura izan da ipuin interaktiboaren gidoiaz eta ilustrazioaz arduratu dena. Horrelako ipuin interaktibo bat egiten duen lehenengo aldia izan den arren, eskarmentu handiko marrazkilaria da Pernan Goñi eta mugikorren eta bideojokoen mundua oso ondo ezagutzen du. Hortaz, ez da lan arrotza izan harendako: "Euskal mitologiaren inguruko komikiak egiten ditut. Horrez gain, hamaika saltsatan sartuta ibiltzen naiz eta mugikorrendako animazioak eta jokoak egin izan ditut Kukuxumuxurendako. Bideojokoendako animazioak ere egin izan ditut", kontatu digu oñatiarrak.
Hamalau pantaila
Ipuin interaktiboa hamalau orrik osatzen dute eta horietako bakoitzean euskal mitologiako pertsonaia bat aurkezten da: "Testu txiki baten bidez pertsonaiaren gaineko ezaugarriak ematen dira, eta, horrez gain, pantaila ukituz gero, ahots batek pertsonaiaren gaineko beste kontu batzuk ere esaten ditu".
Erantzun ona
Goñi pozik dago ipuinak izan duen erantzunarekin. "Feedbacka oso ona izan da eta gehienek esan digute neska-mutikoei asko gustatu zaiela. Pozik gaude". Dena dela, oñatiarrak kontatu digu euskarak, tamalez, asko mugatzen duela horrelako proiektuen bideragarritasuna: "Horrelako proiektuak bideragarriak izan daitezen asko saldu behar dira, deskarga asko lortu. Euskal komunitatea oso txikia da. Horrelako aplikazioak bideragarri izateko, akaso, hiru hizkuntzatan egin behar dituzu".
Basajendea App Storen eta Google Playn eskura daiteke eta Iphone, Ipad eta Androiden mugikor eta tabletetan erabil daiteke.