Herrian jarriko dituzten lehen auzo-konpost guneak prestatzen ari dira dagoeneko eta laster egongo dira erabilgarri. Bestalde, auzoendako ekarpen guneak eta herriko gune ezberdinetan jarriko dituzten mini-guneak non izango diren ere zehaztu dute. Laster hasiko dituzte gune horietako lanak ere.
Lau gune hasieran
Lehen fase honetan herriko lau gune egokituko dituzte auzo-konposta egiteko: Ugarkalden, San Lorentzon, Bidebarrietan eta Zubibarrin. Olakuako eta Errekaldeko guneak ere lau hauekin batera zen asmoa, baina herritarrek eskatuta, atzeratu egin dute gune horien prestaketa. Aste honetan bertan egin dituzte bilerak auzotarrak udal ordezkariekin, gune horien gaineko xehetasunak zehazteko.
Beste lau guneetan hasi dituzte dagoeneko lanak. "Zorua jarri dugu. Konposta egiteko ontziak, konpostagailuak, ere iritsi dira, baina itxitura ere egin behar da. Ezin dugu zehatz esan noiz egongo diren erabilgarri, baina laster egotea espero dugu", adierazi du Leire Egaña ingurumen zinegotziak. Gune horiek erabiliko dituzten herritarrek egin dute formazio bilera.
Ekarpen guneak ere bai
Bestalde, hondakinak gaika biltzeko hainbat ekarpen gune ere jarriko dituzte herria. Auzotarrek erabiltzeko izango dira horiek. Lau ekarpen gune jartzea dago pentsatuta: Garagaltzan, San Lorentzon, Olabarrietan eta Torreauzon. Bestalde, Garagaltzan eta San Lorentzon, Eteon, jarriko dituzte Oñatin egongo diren bi larrialdi guneak. Gune horiek edozein herritarren larrialdi momentuetan erabiltzeko egokituta egongo dira.
Ekarpen guneak landa auzoetako biztanleendako izango dira. Inguru horietan hondakinen bilketa atez ate egingo ez denez, auzotarrak eurak arduratu beharko dira organikoa, ontzi arinak eta papera eta kartoia ekarpen guneetara eramateaz.
Baina ekarpen gune horiez gain, beste gune txiki batzuk ere egokituko dira hondakinak batzeko. Mini-gune horiek herriko gune, auzo, ezberdinetan jarriko dituzte. "Madalenan, Arantzazun, Lezesarrin edo Larrañan egongo dira horrelako gune txikietako batzuk, adibidez", zehaztu du Leire Egañak.
Debagoieneko Mankomunitateak otsailaren hasieran atera zuen lizitazio iragarkia Antzuola, Bergara, Leintz Gatzaga eta Oñatiko ekarpen gune, larrialdi gune, eta mini-guneetan sarbideak kontrolatzeko elementuak hornitu eta instalatzeko. Lanek, gehienez ere, 42.000 euroko aurrekontua dute, BEZ kanpo. Aurkezten diren enpresen eskaintzak aztertu eta gero esleituko dituzte lanak.