Isabel Arenatza eta Kizkitza Alustiza: "Elikadurak eta ariketa fisikoak lotura dute diabetesarekin"

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko mar. 12a, 13:08

Diabetesa. Ondo jan, ondo bizi izenburuko hitzaldia antolatu du Debagoieneko ESIk. Martitzenean izango da, martxoak 12, 19:30ean, zinema aretoan.

Zer da diabetesa?

Metabolismoan gertatzen den gorabehera bat da. Gorputzeko zelulek beren bizi prozesuen garapenerako glukosa barneratu behar dute, eta diabetesen kasuan ez da hori gertatzen, pankreak ez baitu behar adina intsulina sortzen, eta intsulinarik gabe ezin da glukosa zelulen barnean sartu. Glukosa odolean pilatzen da, eta hipergluzemia deritzoguna sortu.

Zer gertatzen da gorputzean?

Organismoak funtzionatzeko behar duen energia murriztuta ikusten du eta gorputz atal desberdinetara odola eramaten duten baso handi eta txikietan arazoak sortzen hasten dira, eta begi, giltzurrun, bihotz, nerbio eta oinen gaixotasunak azaldu.

Zer motatako diabetesak daude?

I erako diabetes mellitusan (intsulina mendekotasuna edo haur-gazteena), erabateko intsulina gabezia dago, eta gaixoak intsulina xiringak beharko dituzte glukosa zeluletara pasatzeko.

II erako diabetesean (40 urtetik gorakoetan gertatzen da eta pisuak zerikusi handia du) ez dago erabateko intsulina gabeziarik; ondorioz, gaixoa dieta eta pastillen bidez kontrolatuko da. Kasu  batzuetan, haiek ere intsulina beharko dute.

Zeintzuk dira sintoma nagusiak?

Normalean, II erako diabetesak ez dauka sintomarik eta analisi arruntetan antzematen da. Hala ere, batzuetan honako sintomak agertzen dira: pixa asko egitea, ur asko edatea, gose handia izatea eta neke handia.

Nola diagnostikatzen da?

Analisietan, odolean dagoen glukosa kantitatea 110etik gora bada, birritan, pertsona diabetikoa dela esan daiteke.

Zein garrantzi du elikadurak?

Ariketa fisikoarekin batera garrantzi handia dauka. Arau nagusi bezala esan daiteke diabetesaren dietak askotarikoa, bariatua, izan behar duela. Beraz, komenigarria da gogoraztea zeintzuk diren elikaduraren printzipio nagusiak eta ondoren diabetesa dutenek zein aldaketa egin behar dituzten jakitea.

Zertan oinarrituko da hitzaldia?

Gure hitzaldia elikagaien ezagutzan oinarrituko da. Horretaz gain, jateko neurriak, jakiak nola konbinatzen diren ikasi eta nola sukaldatu ere erakutsiko dugu. 

Azkenean, alimentuen piramidearen errepasoa egingo dugu.

Norendako da hitzaldia?

Herritar guztiendako dago zabalik, bai diabetesa dutenendako eta baita ez dutenendako ere.

Gogoratu gura dugu eguaztenean izango dela, 19:30ean, kultura etxeko zinema aretoan. Denak daude gonbidatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak