Abian dira Zero Zabor tailerrak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ots. 21a, 15:19

Gaur, eguena, izan da Gipuzkoako lehen esperientzia, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean. Aranzadi zientzia elkarteak, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen baten haritik dator ekimena, hondakinen arazoari jatorritik heldu behar zaiola uste dutelako. Oñatin hasita, ekimenak segida izango du beste ikastetxe batzuetan datozen hilabeteetan.

Aranzadi zientzia elkarteak sekuentzia didaktiko bat eta tailerrak egiteko konpromisoa hartu zuen, eta Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak Zero Zabor programa euren jardunean txertatzekoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundia diruz laguntzen ari da ekimena.

Ekimenaren bitartez, hiru tailer egingo dituzte Gipuzkoako ikastola, eskola eta Kristau Eskolako eskoletako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek, eta Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean abiarazi dute esperientzia, kontuan izanik hondakinen trataera dutela aurten gai nagusi moduan.

Hamaiketakoarekin sortutako hondakinak neurtzen

Goizean egin dute lehen tailerra: Birziklapen, Berrerabilpen, Beheratze edo murrizte eta Birpentsatzearen kontzeptuak landu, hamaiketakoarekin sortzen dituzten hondakinak neurtu eta aztarna hori gutxitzeko konpromisoak hartuko dituzte. Konpost tailerra izango da bigarrena eta datorren astean egingo dute: konposta zer den eta prozesua nolakoa den azalduko diete eta konpost-ontzi bat muntatuko dute. Eta ekimena borobiltzeko, ikasturte amaieran, hirugarren eta azken tailerra egingo dute, ikasitakoak errepasatu eta ondorioak ateratzeko.

Saio praktikoak izango dira guztiak eta ikasleak analisia burutzera bultzatzea izango dute helburu.

Hitzarmen "eredugarria"

Aranzadik, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak eta Aldundiak sinatutako lankidetza hitzarmena eredugarria dela azpimarratu du Kristau Eskolako Gipuzkoako arduradunak, bereizten dituztenen gainetik, batzen dituen ideian oinarritu direlako.

Ekimena eredugarritzat jo du Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Ainhoa Iraolak ere, ingurumenarekiko kezka eta hondakinen arazoari aurre egiteko jarrera arduratsua daudela erakusten duelako, bere esanetan. Hondakinen arazoaren gakoetako bat ohitura aldaketa dela adierazi du, eta tailer hauek etorkizuneko belaunaldien kontzientziazioa areagotzen lagunduko dutela azpimarratu du. Egoerari aurre hartu eta neurriak orain hartzeko dei egin du Ingurumen zuzendariak.

Gipuzkoako ikastetxe denetara

Eskoletako Zero Zabor tailerren proiektuaren lehen fasea martxan jarrita, bigarren fasean, DBHko lehen eta bigarren mailetara hedatuko dute ekimena. Aurten diseinatuko dituzte edukiak, jarduerak eta material didaktikoa, eta datorren ikasturtean hasiko dira inplementazioarekin. Asmoa da hirugarren ikasturte batean, ekimena Gipuzkoako ikastetxe denetara zabaltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak