Eskoletako Zero Zabor tailerrak hasiko dira bihar Oñatin

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ots. 20a, 18:40

Aranzadik, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikastetxeetan Zero Zabor programa bat garatzeko sinatutako hitzarmenaren haritik dator ekimena, eta datozen hilabeteetan segida izango du beste ikastetxe batzuetan. Bihar, eguena, izango du hasiera, Oñatin: Elkar Hezi ikastetxean (Kristau Eskola) egin dute hitzordua, 10:00etan.

Iazko urrian sinatutako hitzarmenean, aipatutako lau erakundeek Zero Zabor filosofia hezkuntza programetan jasotzeko konpromisoa hartu zuten. Izan ere, hondakinen arazoari jatorritik heldu behar zaiola ondorioztatu zuten sinatzaileek. Aranzadi zientzia elkarteak sekuentzia didaktiko bat eta tailerrak egiteko, eta Ikastolen Elkarteak eta Kristatu Eskolak Zero Zabor programa euren jardunean txertatzeko konpromisoa hartu zuten, zehazki. Foru Aldundia, bestalde, diruz laguntzen ari da ekimena.

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean

Esan bezala, programa honen lehen urratsa Zero Zabor tailerrak dira. Bihar, eguena, egingo da lehenengoa Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean, eta Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek parte hartuko dute bertan. Berez, hiru tailer izango dira, hiru egunetan egitekoak:

  • Lehenengoa Zero Zabor Hamaiketakoa izango da, eta ikasleek 4B-ak landuko dituzte: Birziklapena, Berrerabilpena, Beheratzea (murriztea, alegia) eta gero, Birpentsatzea. Ondoren, beren hamaiketakoarekin sortzen diren hondakinen auditoria bat egingo dute, eta ingurumen konpromisoak hartuko dituzte.
  • Bigarrena, konpost tailerra: konpostatzea zer den, prozesua nolakoa den… gogoeta egin eta konpost-ontzia muntatuko dute ikasleek.
  • Hirugarren tailerrak ikasitakoak errepasatzeko eta ondorioak ateratzeko balioko du.

Tailer hauen helburua da, hausnarketen eta iritzi kritikoen ondorioz, ikasleek ingurumenarekin konpromisoa hartzea, gizarte errealitatea hobetzeko eta natura defendatzeko. Aranzadiko teknikariek egingo dituzte gidari lanak, ikastetxeko irakasleen laguntzaz.

Zero Zabor tailerren inaugurazioan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari Ainhoa Iraola izango da. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak