Sarritan jasotzen dituzu horrelako gonbidapenak?
Egia esan, ez, baina ikastetxe berak eskatuta, orain 5 urte Ez dok Hamairu taldearen inguruan hitz egiten izan nintzen, Pantxoa Carrererekin eta Manex Pagolarekin orduan.
Lagun batek gonbidatu zaitu: Andoni Salamerok, aipatu ikastetxeko irakasle eta idazle ere badenak.
Orain 10 urte ezagutu nuen Salamero, Urretxun egiten duten kantu jaialdiaren aitzakian. Argitaratu zuen olerki liburua bidali zidan gero, eta iritzi batzuk elkar trukatu genituen; hortik harreman polita sortu zen. Horrez gainera, 2006an argitaratu genuen Lurra eta maitasuna diskorako Bakebidea kantua idatzi zigun, Mixel Ducauk musikatu zuena. Poliki-poliki molde informalean harremana sendotzen joan da.
Oñatin, baina, lagun gehiago dituzu; udaberrian izan zinen azkenekoz.
Batzuetan Oñatin eta beste batzuetan Itsasun, palan jokatu eta elkarrekin bazkaltzeko elkartu izan naiz Rafa Agirre oñatiarrarekin eta haren lagun batzuekin, bai. Ederto pasatzen dugu.
Gaur, baina, euskararen gainean jardungo duzu. Zer da, zure ikuspuntutik, euskara bikaina?
Hizkuntzalaria ez naizenez eta Iparraldeko ikuspuntutik abiatuta, nire iritziz, bikaintasuna erabilpena da. Testuinguru berezia dugu Iparraldean; mindu egiten nau euskaldun zaharrak berriek egindako hanka-sartzeekin trufatzen direnean. Euskara dagoen egoeran, erabiltzea da garrantzitsuena, nahiz eta forma aldetik akatsak egin.
Atera dezagun Iparraldean euskarak duen egoeraren argazkia.
Euskal kultura erakundeetatik ikerketak egin izan dituzte; orokorrean esango dugu gure belaunaldi eta aurrekoek erabili izan dutela, gehienbat, eta belaunaldien arteko transmisioa eten zela gero. Horrek badu azalpen bat; gogoan dut 50eko hamarkadan, eskola publikora joaten ginenean, bat-batean debekatu egin zigutela euskaraz berba egitea. Lagunak elkar salatzera behartzen gintuzten. Apenas genekien frantsesez. Lotsa hori sartu ziguten eta horrek ondorioak izan ditu.
Zorionez, egoera aldatzen ari da; horren adibide, lehen euskararen aldekoak ez zirenek gaur egun ikastolara eramaten dituztela haurrak. Itxaropena ematen du horrek. Herri txikia edo hiria izan, errealitatea aldatu egiten da; hala ere, euskara urbanizatu egin dela esango nuke.
Nola ikusten da Iparraldetik Hegoaldeko euskara?
Euskalkiek eragindako trabak aipatuko nituzke; askotan entzuten diet hemengoei, hegoaldeko euskara entzutean, "hau ez da gure euskara" diotela. Hitz bat arrotza egiten zaigunean, blokeatu beharrean, beste hizkuntza batzuekin egiten dugun moduan, ikasteko indarra egin behar dugula erantzuten diet. Berria-n egunero ikasten ditut hitzak nik. Gandiagak badu horretaz poesia bat eder bat: Euskarak ez du errurik. Euskara Batua besteko beharrezkoak dira euskalkiak.
Ikastetxeetara bueltatuz, Seaskak ez du garai ona bizi.
Gertutik, barrutik, jarraitzen dut egoera, bilobak ikastolan ditut eta erraina irakaslea da. Lege aldaketa bat beharrezkoa da; ezin dugu lortutako guztia galdu. 40 urtetako lana ezin da hankaz gora jarri. Alderdi politikoak nahiko bat datoz auzi honetan.
Etxean sartuta, zer moduz moldatzen zara aitaita-lanetan?
Bost biloba ditut; bizitzan gerta dakizukeen onena da hori. Bizitzaren oparia. Zortekoa naiz; Itsasun bizi gara guztiak eta eguneroko harremana dugu.
Azkenaldian triste izateko arrazoiak ere badituzue, zoritxarrez.
Sustoa pasatzen ari gara, bai. San Juan biharamunean, Iñaki seme zaharrenari leuzemia zorrotza antzeman zioten. Hasieran diagnostikoa ez zen ona, baina prozesuan aurrera eta ondo goaz. Animatuta eta indartsu gaude, larriena pasatu dugulakoan. Harrigarria da jaso ditugun elkartasun keinuak, ezagutzen eta ezagutzen ez dugun jendearen partetik. Asko lagundu digute.
Musikari eutsiz; alboratuta duzu.
Abenduan erabaki genuen Pantxoak eta biok etenaldia egitea, aurrera begira zer egin nahi genuen erabakitzeko; eta etenaldi horretan jarraitzen dugu. Ez dakigu noiz itzuliko garen, eta ezta itzuliko garen ere.
Erretiratua zauden arren, urteetan banketxean lan egindakoa zara.
Izan dudan ofizioa eta orain praktikatzen dena ezberdina dela pentsatzen dut. Bankuko garai onenak ezagutu nituen nik: orain, berriz, lankide ohiak oso egoera larriak pasatzen ikusten ditut.
Krisi ekonomikoa, ustelkeria kasuak... jarraitzen dituzun albisteak dira?
Ustelkeria kasuak beti izan dira, nahiz eta gaur egun gehiago jakiten diren. Mingarrienak iruditzen zaizkit hor hegoaldean egiten ari dien etxe-kaleratzeak. Bankuaren etika bat beharrezko ikusten dut; etxea kendu eta oraindik ordaintzen jarraitu? Ezin liteke! Ez dakit nola amaituko den, baina horrelako batean zerbait gertatu, eta lehertu egingo da egoera.
Zein da horko egoera?
Orokorrean gu baino larriago pasatzen ari zaretela uste dut; hala ere, hemengo egoera ere ez da barre egitekoa. Eraikuntza arloko enpresek larriak pasa behar dituztela sumatzen dut. Bestetik, hemengo langile asko kezkatuta eta haserre ere ikusten ditut; izan ere, hegoaldetik hona jendea lanera dator hemengo baldintzak bete gabe eta prezio merkeagoan. Arazo bizia sortzen ari da, eta lehenbailehen konpontzea komeni da.
Diotenez, badago hemengo jendea Iparraldeko banketxeetara dirua eramaten hasi dena.
Betidanik izan da diru mugimendua, nahiz eta politikariak ez diren sekula horrekin askorik sartu. Gerard Depardieu aktorearen kasuak ekarri du gaia berriz ere hemengo izenburuetara.
Egoera aldatuko da?
Esperantzatsu izateko arrazoiak badaude. Jendea hasi da alternatibak sortzen; hortxe, adibidez, hemen hainbat erabiltzen hasi diren euskoa moneta.
Elkarrizketa alaiago bukatze aldera, Korrika 18 badator eta, gainera, aurten Baionan amaituko da. Parte hartzeko asmorik?
Bai, noski; beti parte hartu izan dut. Gogoan dut lehenengo Korrikan lekukoa eraman nuela. Azkenekoan bizikletaz jarraitu nuen, 3 urteko bilobatxoa bizikletako saskitxoan neramala egin nituen kilometro batzuk. Oraingoan, ez dakit ze eratan, baina han izango naizela seguru!
Gero, Korrika Kulturala ere hor dago eta aukera asko ematen ditu horrek. Korrika hemen Iparraldean gertakizun oso garrantzitsua da, horrela onartuta dago eta; orokorrean, horrela bizitzen dela esango nuke.
Baionan elkartuko gara, beraz; ala jendetzatik ihes egiten duzu?
Han elkartuko gara, bai horixe! Garrantzitsua da horrelako eta beste era batzuetako agerraldietan parte hartzea eta kalera ateratzea. Ni ere han izango naiz, gustura etxeratzeko gero!