Piztu du interesa Oñatin Iñaki Petxarromanen 'Su haietatik ke hauek' liburuaren aurkezpenak

Julen Iriondo 2013ko urtarrilaren 24a

Iñaki Petxarroman kazetariak “Su haietatik ke hauek” izeneko liburua aurkeztu du Oñatiko kultura etxean. Herritar ugari batu ziren aurkezpenean. Hiri hondakinen kudeaketarako asmoetan azken 10 urteetan Gipuzkoan izan den bilakaera aztertzen du Petxarromanek liburuan.

Iñaki Petxarromanen arabera gaur egun dauden ikerketekin, azkena Carlos III. Espainiako osasun institutuarena, ezin uka daiteke errauste plantak minbizia sortzen duten faktore bat direla, baita azken belaunaldikoak ere. Gakoa ez ei da, gainera, isuritako furano, dioxina eta abarren kopurua, sustantzia horiekin harremanetan zenbat denboran gauden baizik.

Zenbait aldetatik atez atekoaren inposaketa salatzen den garaiotan, Petxarromanek dio errauste planta dela benetako inposaketa; hamar urte hauetan ez dela herririk egon errauste planta bere inguruan jartzearen alde, ezta alderdirik ere, eta EAJren kasua azaldu du: "Hernanin, Astigarragan, Usurbilen, Lasarten, Errenterian eta Urnietan" hautetsi jeltzaleek errauste plantaren kontra bozkatu zutelako, euren herrietan edo inguruetan jartzeko asmoa zegoenean. Eta Ana Urtxuegiak Lasarteko alkate zela esandakoa dakar gogora. Erraustegia bai, baina ez Lasarten.

Kazetariaren esanetan erakundeetan jendartearen ordezkaritza benetakorik ez zen garaietan hartutako erabakiekin egin du aurrera errauste planta egiteko asmoak, besteak beste FCC edo Iberdrola eta EAJ edo PSE-EE bezalako enpresa eta alderdien interes komunak lehenetsita, interesak eta arrazoi ideologikoak: erabili eta botatzearekin, kontsumismoarekin eta etengabeko hazkunde nahiarekin jarraitzea, eta hau ez da jasangarria, munduak baliabide mugatuak dituelako.

Eta zalaparta iritsi da, Petxarromanen esanetan, gizarte zibilak arrakastaz proposatu eta jarri duenean martxan erraustegia beharrezko egiten ez duen eredua. Baina, zergatik ezin da jendearen kontzientzian eraginda bosgarren edukiontziarekin organiko guztia bildu adibidez? Urnietako kasua aipatzen du. Herriak era masiboan egin ei zuen etxe ondoan jarri behar zieten erraustegiaren kontra; orain hasi dira organikoa bosgarren edukiontziarekin batzen eta herritarren erdiak bakarrik hartzen du parte, dio.

Kazetariak dio hori darabiltela batzuek erraustegiaren beharra arrazoitzeko, baina beste irakurketa bat egiten du berak: sistema horrekin ezin bada birziklapen maila handietara iritsi, atez atekoarekin ikusi dela baietz.

Beraz, hondakinak gaika bereizteak betebehar behar omen du herritarrentzat, ez borondatezko. Petxarromanek ere badio atez ateko bilketarekin bilketa bera garestiago izan daitekeen arren, hondakinen kudeaketa osoa askoz merkeagoa dela eta adibidez Oiartzunen, Hernanin eta Usurbilen 30 lanpostu sortu direla bilketa lanetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak