San Lorentzo auzoko goialdeko blokeek aspalditik dute ur presio arazoa. Ura indarrik gabe iristen da eta horrek, iturrian ur gutxi izatea edota galdara martxan ezin jartzea eragiten du, besteak beste.
Presio arazo hori auzoak berak duen desnibelak eragiten du, hein handi baten. Ura nahikoa indarrez iristeko ponpaketa sistema bat jarri zuten Larraña institutuaren inguruan, baina horrekin batera, hoditeria aldatzea ere komeni da. Hau da, ur ponpagailu edo bonba horiek martxan jarri aurretik, hoditeria aldatu behar da, presio gehiago sartuz gero, egun dagoen zuntz zementuzko hoditeria lehertzeko arriskua dagoelako. Eta horixe da, hain zuzen ere, egiten ari diren lana; hoditeria aldatzea.
Lanak faseka egingo dituzte
Gipuzkoako Urak enpresak dihardu lanok egiten eta faseka egingo ditu. Datozen hilabeteotan, lehen faseari dagozkionak egingo dira. San Lorentzoko 25etik 67ra zenbakidun etxeei dagokien zatia konponduko da, alegia, errepidetik gora dauden etxe bloke guztiei dagokiena. Inguru hori urez hornitzen duten hodiak aldatuko dira ur ponpagailuek eragindako presioa jasan dezaten.
Orain bizpahiru urte, antzerako lanak egin ziren auzoaren behealdean. Orduan, ur hornidura hodiak San Lorentzoko ermita pareraino aldatu ziren. Lanak osatzeko beraz, ermitatik gora, auzoa erdibitzen duen errepide parerainoko hodiak aldatzea faltako da. Hori, hurrengo fase batean egingo du Gipuzkoako urak enpresak.