San Lorentzo eta Ugarkalde auzuneetako bizilagunekin egin duten bilerarekin eman diote hasiera gaur Oñatin atez atekoaren gaineko parte-hartze prozesuari. Prozesu hau aurrera eroateko, zortzi gunetan banatu dute herria, eta egun bakoitzean gune bakoitzeko bizilagunekin batuko Udaleko ordezkariak, 10:00etan zein 19:00etan egingo diren bileretan.
Udaleko Ingurumen batzordeko buru den Leire Egaña zinegotzairen esanetan, bileren helburua da herritarrekin adostea atez ateko zein sistema ezarriko den herrian. Egañak gaineratiu duenez, gaur goizeko bilerak izandako parte-hartzeak Udaleko ordezkarien aurreikuspenak gainditu ditu, eta ondorioz balorazio positiboa egiten dute.
Funtzionamendua adosten
Bileretan, Udalak atez atekoaren aldeko hautua zergatik egin duen azaltzeaz gain, herrian atez atekoa ezartzeko planteatzen diren aukerak azaltzen zaizkie herritarrei. Besteak beste, zintzilikarioen kokalekua; zintzilikarioetan hondakin mota ezberdinak uzteko dauden aukerak; zein jasote ordutegien inguruko planteamenduak dira herritarrekin erabakiko diren puntuak.
Batzarretara edozein herritar joan daitekeen arren, bereziki behebarruetako arduradunengana daude bideratuta. Izan ere, gero asmoa da hauek gainerako bizilagunei azaltzea sistemaren nondik norakoak, ekarpenak eta zalantzak jaso eta hainbat gairen inguruko erabakiak hartzeko. Hamabost eguneko epea izango dute horretarako, eta gero ondorioak atez atekoaren ibnformazio bulegoetara eroan beharko dituzte. Honetaz gainera, otsailean beste bilera erronda bat egingo, eta bertan ere aurkeztu ahalko dira zalantza, kezka, ekarpen zein proposamenak.
Behin bigarren bilera erronda amaitutakoan, Udalak herritar guztiei zuzendatutako bilera irekiak egingo ditu martxoan, atez ateko sistemaren funtzionamenduaren inguruan hartu diren erabaki zehatzak zeintzuk diren jakinarazteko.
Bileren egutegia
Gaur San Lorentzo eta Ugarkaldeko bizilagunen txanda izan bada, hauxe da beste guneetarako prestatu duten egutegia:
Urtarrilak 15, martitzena: Olakuakoekin. ETEOn, 10:00etan eta 19:00etan.
Urtarrilak 16, eguaztena: Errekalde auzoko, Mendiko kale, Bakardadeko Ama eta San Anton kaleetan bizi direnendako. Kultura etxean, 10:00etan eta 19:00etan.
Urtarrilak 21, astelehena: Santa Marina, Moiua, Euskadiko Etorbidea, Kurtzebide, Patrue Kale, Lope de Agirre eta Lazarragako bizilagunekin. Santa Anan, 10:00etan eta 19:00etan.
Urtarrilak 23, eguaztena: Aita Lizarralde, Martzelino Zelaia, Kale Barria, Foruen Enparantza, Portu Kale, Kalegoiena, Ramon Irizar, Atzeko Kale eta San Martingoekin. 10:00etan kultura etxean eta 19:00etan Zuazola Institutuan.
Urtarrilak 28, astelehena: Errementari Plaza, Zubibarri, Bidebarrieta, Auzabarri, Mikel Aozaraza, Motxon, Roke Azkune, Arantzazuko Ama eta Ultzegin. Santa Anan, 10:00etan eta 19:00etan.
Urtarrilak 29, martitzena: Otadui Zuhaiztia, Kale Zaharra, San Juan, Lizaur, Kanpantxo, Aita Madina, Aita Mortara, Unibertsitate Etorbidea eta Kurtzekua. Zuazola Institutuan, 10:00etan eta 19:00etan.
Urtarrilak 30, eguaztena: Zubillagan. 10:00etan eta 19:.00etan.