Gabonetako apaingarriak birziklatutako materialez egiteko deialdia

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 10a

Gabonak ate joka ditugun honetan, Oñatiko atez atekoaren informazio bulegotik dei egin diete herritarrei berrerabili edo birziklatutako materiala erabiltzera animatu daitezen apaingarriak egiterako orduan. Eurek ere modu horretan apainduko dute Kale Zaharrean dagoen atez atekoaren informazio bulegoa eta herritarren laguntza eskatu dute. 

Parte hartzera animatzen diren herritarrek material berrerabili edo birziklatuz egindako edozein apaingarri, artelan, eskulan edo bitxi bertan ikusgai jartzeko aukera izango dute. Abenduaren 18a baino lehen eraman beharko dituzte apaingarriak bulegora: astelehenetik eguenera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00tatik 19:00etara; eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara. Batutako lanak erakusleihoa apaintzeko erabiliko dituzte eta Gabonen ostean itzuliko dizkiete herritarrei.

"Diru kostua eta material xahutzea"

"Apaingarriak erosteko joera izaten dugu erakusleihoak, kaleak, Gabonetako zuhaitzak… kolorez janzteko, horrek dakarren diru kostuarekin eta materialen xahutzearekin. Oñatiko Udalak zero zaborrerako bidea hartu duela kontuan izanik, apaingarriak materialak berrerabili edo birziklatuz egitera animatzen ditugu herritarrak, etxean ditugun material desberdinak erabiliz eta imajinazio pixka batekin herria polito apaindu baitaiteke", adierazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak