Jose Antonio Azpiazu: "Bainuontziak zertarako erabili ez zekiten arbasoek, letxugak landatzen zituzten han"

Mireia Bikuña 2012ko aza. 14a, 01:00

Jose Antonio Azpiazu historialariak hitzaldi bitxia egin zuen Oñatiko Pake Leku erretiratuen elkartearen kultura astean. Gure arbasoen barruko arroparen, higienearen eta bainatzeko moduen gainean berba egin zuen. Orain dela 200 bat urtetik gaurdaino horiek guztiak nola aldatu diren kontatu zuen. Hitzaldian egondako herritarrek ere euren pasadizoak kontatu zituzten.

Hitzaldi baterako gai bitxia aukeratu duzu.

Gizakiaren alde intimoaren alorreko alderdiak diren arren, herritarrak, batez ere, hirugarren adinekoak, identifikatu egiten dira kontu horiekin. Gure arbasoak lotsatu egiten ziren barruko arropaz edo higieneaz berba egiterakoan. Egun, normala da higienea eta bainua. Askotan, gehiegizkoa.

Bilakaera handia izan dute higieneak, bainuek eta barruko arropek?

Bai, izugarri aldatu dira. Gaurko gazteek uste dute orain dela 40-50 urteko egoera bera zela: komunak, dutxak, bainuontziak,  kuleroak, galtzontziloak... Baina egoera oso bestelakoa zen.

Adibidez, gure arbasoek, umeak zirenean, barruko arropa gutxi erabiltzen zuten. Batzuk barruko arropa barik egoten ziren. Kontuan izan behar dugu duela 50 urte arropak etxean egiten zituztela: lihoarekin edo artilearekin. Baserrian erabiltzeko abarkak ere etxean egiten ziren, eta, zapatak erosten zituztenean, pare bat neurri handiagoak erosten zituzten, iraupen luzeagoa izateko. 

Nolakoak ziren lehengo komunak?

Orain dela 200 urte, Donostian, kapitalean, kaka eta txiza egiteko erabiltzen ziren komunak oso bitxiak ziren. Donostiako suntsiketa gertatu zenean, neska eta emakume donostiarrak, soldaduengandik ihesi, komunetan sartzen ziren. Han ezkutatzen ziren, eta irteterakoan kakaz beteta egoten ziren. Zergatik? Bada, komuna biltegi bat zelako. Kaka egin eta betetzen zenean, hustu egin behar zen.  Herritarrek hango kaka hartu eta baserrira, ongarri moduan, eramateko eskaera egiten zuten.

Baserrietako komunak oso bestelakoak ziren. Egurrezkoak ziren, eta kaka eta txiza zuzenean kortara bideratzen zen, ongarri moduan erabiltzeko hura ere.

Egun ezagutzen ditugun komun-ontziak heldu zirenean, ezustekoa izan zen. Are gehiago, komunerako papera heldu zenean. Ordura arte, egunkariarekin garbitzen zuten ipurdia. El Elefante izan zen komunerako ezagutu genuen lehen papera.

Nola bainatzen ziren gure arbasoak?

Bainatu baino gehiago, ahal zuten eran garbitu egiten ziren. Egungo dutxak eta bainuontziak orain dela 50 urte hasi ziren erabiltzen. Horren aurretik, bestelako egoera zegoen. Ez zegoen dutxarik. Harraskan garbitzen zituzten oinak, besapeak, eta baita etxeko tresnak eta baserrietako gailuak  ere. Dena garbitzen zuten leku berean.

Bestalde, gure amonek ez zuten ilea garbitzen. Zorriak kentzeko orrazi estu bat erabiltzen zuten, eta kito, besterik ez.

Garai hartan, uste zuten ura erabiliz garbitzea arriskutsua zela: azalarendako, katarroak harrapatzeko... Higienea beste modu batera egiten zuten.

Bainu-ontziak zertarako balio zuen ez zekiten askok. Batzuek letxugak landatu zituzten bainu-ontzian, eta dutxako txorrotarekin ureztatzen zituzten. Ez zekiten garbitzeko gailuak zirenik. 

Gura arbasoak arroparekin bainatzen ziren?

Bai. Biluzik geratzea anti-naturala zen. Lotsa handia ematen zien arropa gutxirekin ibiltzea. Hori horrela, arroparekin bainatzen ziren: kamisoi itxura zuen alkandora luze batekin.

Baina ez bakarrik bainatzeko orduan. Orain dela 100 urteko argazkietan ikus daiteke emakumeak nola janzten ziren: goitik behera estalita eta arropa beltzarekin. Egun, burkarekin ibiltzen diren emakumeen pare janzten ziren.

Helduak ez ziren bainatzen, baina umeekin nola jokatzen zuten?

Antzera. Noizean behin garbitu egiten zituzten. Jaioberriekin ez zituzten pixoihalak erabiltzen.Trapuak erabiltzen zituzten kakak eta txizak batzeko. Zikintzen zirenean, eskuz garbitzen zituzten. Pixoihalak bota egiten ditugu egun, baina orduan... Eta gauza bera, emakumeen hilerokoarekin. Hori gai tabua zen. Inork ez zuen horren gainean berbarik egiten. Dena den, hilerokoarendako trapuak erabiltzearena ez da horren ohitura zaharra. Orain dela 30 bat urtera arte erabiltzen ziren. Orduan hartu zuen indarra konpresak. 

Noiz hasi ziren barruko arropak erabiltzen?

Egun erabiltzen ditugun kulero, galtzontzilo eta bularretakoak arropa berriak direla esan daiteke. Batez ere, bularretakoa. Dokumentuetan XVIII. mendean agertzen dira. Horren aurretik, praken azpitik praka luzeagoak ipintzen ziren. Barruko arropak luxuzko artikuluak ziren.

Orain dela 150-200 urteko kuleroak oso bitxiak ziren. Gerrian itxiak, eta aluaren parean irekiak. Txiza egiteko ez zuten kuleroa kentzen emakumeek. Belaunetaraino heltzen ziren bi tutu zituen, eta hortik egiten zuten txiza. Askotan zutik eta beti ere, kuleroa kendu barik. Gure amonek zutik egiten zuten txiza.

Oñatiko hitzaldiko entzule baten kontatu zigun, Afrikara soldadutzara joan zenean, hango soldaduek ez zutela barruko arroparik erabiltzen. Galtzontzilo barik ibiltzen ziren.

Barruko arropak erabiltzen lehenak aberatsak izan ziren. Barruko arropak erosteko dirua zutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak