Bailarako flora eta fauna ezagutzeko jardunaldia zapatuan Arantzazun

Goiatz Arana Begiristain 2012ko aza. 5a, 17:12

Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak, Gipuzkoako lau parketxeen kudeaketaz arduratzen den entitateak, Debagoieneko bioaniztasunaren inguruko hitzaldi-solasaldia antolatu du, ingurumen heziketa arloan jorratzen duen lanari jarraipena emanez. Zapatuan, azaroak 10, izango da, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroan, Arantzazuko Parketxean. 10:30ean emango zaio hasiera, Mikel Olanoren eskutik. Hitzaldia irekia da, baina bereziki, gure inguruan bizi diren izaki bizidunak ezagutzeko interesa dutenei dago zuzenduta.

Mendiz osaturiko laberinto baten antza duen lurraldea da Gipuzkoa. Zifrek adierazten dutenaren arabera, Gipuzkoako lurraldearen %6 baino ez dago urbanizatua (hiriguneak, poligonoak, azpiegiturak...); lurraldearen %20 hiri-inguruek eta landa-inguruneek osatzen dute; eta gainerako %74 basoz eta mendiz osatua dago, ingurune naturalaz, alegia. Bere paisaia menditsuak aniztasun eta aberastasun handiko natura gordetzen du, baita historiaurrean gizakiaren ezarpenaren irudi diren aztarna ugari ere.

Bioaniztasuna

Ekosistema ezberdinetan bizi diren animalia eta landare espezie kopurua eta motak, eta populazioaren tamaina eta bizirauteko izan ditzaketen arrisku posibleak dira, besteak beste, bioaniztasuna neurtzeko erabiltzen diren kontzeptuak. Zeresan asko ematen duen gaia da egun bioaniztasunarena, baina zapatuko saioak hausnarketa globalak alde batera utziko ditu, egoera lokalean zentratzeko.

Izan ere, nahiz eta Debagoiena gertuko ingurunea izan bertakoentzat, ezezaguna da oraindik askorentzat, eta zapatuko ekitaldiak bertako, gure bailarako, izaki bizidunak eta bizilekuak ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du. Antolatzaileen esanetan, bioaniztasunaren gaia zabaltzeak eta ezagutarazteak berebiziko garrantzia du, gure natur inguruneak balioan jartzeko nahiz kontserbatzeko eta babesteko.

Interesa izanez gero, izena aurrez ematea gomendatzen da: 943 78 28 94 edo 665 72 14 08 telefono zenbakira deituta, nahiz arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak