Goizean Donostian egindako aurkezpenean, atez atekoaren kontrako Gipuzkoako platafaromen koordinakundetik historikotzat jo dute atez atekoaren kontra 70.000 sinadura bildu izana eta era berean Bilduko alkateei kritika egin diete, euren esanetan sinadurak mespretxatzearren.
Koordinakundetik esan dutenez, plataformak sortu ziren Bilduko 34 alkatek atez atekoa ezartzeko aldebakarreko erabakia hartu zutenean. Gaineratu dute atez atekoa sistema garestia eta zikina dela eta pertsonen eta familien intimitatearen kontra doala. Ezker abertzaleari gezurretan aritzea egotzi diote, azaldu dutenez atez atekoa batze sistema bakarrik delako eta ez duelako hondakinen arazoa konpontzen. Zentzu horretan, esan dute birziklatu ezin dena tratatzeko azpiegiturak falta direla.
Gaurko aurkezpenean gaineratu dute euren eskuetan dagoen guztia egingo dutela euren eskaria aintzat hartua izan dadin. Honetaz gainera, zehaztu dute plataformek herri kontsulta bultzatzeko eskumenik izan ez arren, bide horretan Batzar Nagusietan egon daitezken ekimenak babestuko dituztela.