"Argitaletxeetan kaleratutakoa eta argitaratu ez dena, guztiak originalak, ekarri ditugu Oñatira. Haren liburutegia ere ekarri dugu; Europan zehar erositako liburuak dira", azaldu digu Lupek. Azpiazuk liburu horietatik transkripzioak egiten zituen. Orain, liburu horiek Agustindarretan daude eskuz idatzitako beste transkripzio askorekin batera. "Genevan, Beltz izeneko edizioa sortu genuen, eta bertan 1.500 partituratik gora jasotzen dira". Arlo pedagogikoan sekulako lana egin zuen; baita ikerkuntzan ere. "Barrokoko eta Pizkundeko musikaren bila ibili zen: tablaturan –eskritura zaharrean– idatziak; ondoren transkribatu egiten zituenak", dio Lupek.
Gitarra irauli zuen
Irakasteko modua eta gitarra bera irauli zituen. "Musika eta instrumentua ikasteko prozesua atsegina izan zedin lan asko egin zuen. Material asko argitaratu zuen horretarako. Hark zioen umeek ezin zutela 9 edo 10 urte bete baino lehenago gitarra ikasten hasi. Izan ere, adin tarte horretarako ez zegoela materialik zioen gure aitak. Gainera, gitarrak fisikoki asko exijitzen du; ondo eutsi behar zaio eta eskuan gogor eduki, behar den soinua ateratzeko. Fisikoki piano bat baino exijenteagoa da", dio. "Lehen etapan, ikaste prozesua izan nuen aitarekin. Erabili zuen metodoarekin, beti motibatuta nengoen. Partitura eta musika gehiagoren bila ibiltzen nintzen. Ni nintzen bila nenbilena eta 15 urterekin zuzenekoak ematen hasi ginen Suitza, Italia, Frantzian barrena. Diskoak ere atera genituen. "Aitak makina bat zuzeneko eman du hemen. Aipatzekoa da Donostian eman zuen Bokeriniren kontzertua. Gainera, obra originala topatu eta lehen aldiz mundu mailan Bokeriniren pieza jo zuen. Obra hau azken aldiz Bokerini bizi zela jo zen. Berdin gertatu zen 1953. urtean Vivaldiren piezarekin. Egun pieza oso ezagunak dira, baina lehen ez zituen inork ere ezagutzen", gogoratu digu Lupek.
Gitarra katedra
Segovia maisuaren eskutik Espainiako Estatutik kanpoko lehenengo gitarra katedra sortu zuen, Genevan. "Katedra sortzeko lana eman ziotenean batu ginen ama, aita eta hirurok. Santa Zezilia eguna zen; ondo atera beharra zuen. Ilusio handia egingo lioke orain bere altxor eta ondare guztia Oñatin batuta dagoela ikusteak", gaineratu digu Lupek, hunkituta.
-----------------
Zigilua egin diote filatelia taldekoek
Jose de Azpiazu jaio zela 100 urte bete direla-eta, Oñatiko filatelia taldeak –CECA– errekonozimendu eta opari polita egin dio musikari eta sortzaile handiari. Hala, Jose de Azpiazuren irudia daraman zigilua kaleratu berri dute; joan den barikuan aurkeztu zuten. Oñatiko Turismo Bulegoan eta Filatelia taldearen bitartez lor daiteke zigilua.