Zelan iritsi zinen politikara?
Beti gustatu izan zait eta jarraitu dut politika. EAJ alderdian exsizioa izan zenean, EAn sartzea erabaki nuen, huraxe zen-eta gehien konbentzitzen ninduen alderdia. Oñatiko EA sortzen egin nuen gero lana eta handik udalera egin nuen gero salto.
Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Oroitzapen onak ditut. Mila bototik gora jaso genituen eta ilusio handiarekin sartu ginen udalera. Elias Goñi zen alderdiko bozeramailea baina sartu eta hilabete gutxira dimititu egin zuen, eta neuk hartu nuen gero bozeramaile izateko ardura hori.
Ze harreman zenituen gainerako zinegotziekin?
Eli Galdos zen orduko alkatea eta harreman ona izan nuen harekin. EAJk ez zuen gehiengoa eta gure beharra zuen proiektuak aurrera ateratzeko.
Agintaldi lasaia izan zela aitortu didazu elkarrizketa hasi aurretik.
Bai. Izan genituen tirabirak ere, baina legealdi lasaia izan zela iruditzen zait, bai.
Zerk edo nork sotu zituen tirabira horiek?
Zinegotzi egon nintzen agintaldian zabaldu genuen lehen turismo bulegoa eta Ur Jauziak proiektua ere garai hartan jarri genuen martxan. Gertutik jarraitu nituen biak, turismoko batzordeburu nintzen aldetik eta Ur Jauzien administrazio kontseiluko idazkari nintzen aldetik. Proiektu bi horiek ez ziren denen gustukoak izan, eta oposizioarekin tirabirak izan genituen. Gogoan dut, turismoa bultzatzeko genuen proiektu horren kontrako pintadak ere egin zituztela herriko kaleetan garai hartan.
Bestalde, Eli Galdos ez zen mozio politikoak osoko bilkuretan sartzearen oso aldekoa, baina sartzen ziren horrelako mozioak ere, eta hainbatetan sesioak egon ziren.
Egungo Gaztelekuaren hastapenak ere gogoan dituzu.
Bai. Ordurako gaztetxea itxita zegoen eta haren alternatiba bilatzea izan zen orduko beste erronka bat. Batetik, gaztetxe berri baten alde egiten zutenak zeuden eta bestetik, gazteen topaleku bat bai baina nolabaiteko zaintza, jarraipena, izango zuen proiektu baten alde zeudenak geunden. Horren inguruan ere eztabaida asko izan genituen. Gaztelekua bera beranduago etorri zen, baina hastapenak 1987-1990 agintaldikoak dir.
Sasoi hartako ze proiektu dituzu gogoko eta zeintzuk ez?
Turismoaren aldeko apustua egin genuen, lehen turismo bulegoa ere orduan zabaldu genuen eta uste dut ondo egin genuela. Oñati ezagutzeko zazpi bat gida, ibilbide, ere orduan atera genituen. Bestalde, Ur Jauzien proiektuak ere aberastasuna ekarri duela uste dut. Denborak erakutsi du horretan ere asmatu genuela.
Desengainurik izan zenuen?
Ez. Banekin non eta zertarako sartzen nintzen eta ez nuen desengainurik izan.
Nola bizi duzu egun politika? Ze jarraipen egiten diozu udal jardunari eta politika orokorrari?
Udaleko jarduna utzi ostean ere jarraitu nuen alderdi barruan lanean denbora batez, baina guztiok ikusi dugun moduan bukatu zen hura, eta neure ibilbidea ere hantxe amaitu zen. Gaur egun herritar soil gisa jarraitzen ditut politika kontuak, bai tokikoak bai orokorrak.