Autokonpostaje gune komunitarioak hiri eremuko auzoetarako

Goiatz Arana Begiristain 2012ko uztailaren 26a

Oñatiko Udalak hiri eremuko auzoetarako autokonpostaje gune komunitarioak ezartzeko plangintza burutuko du. Hasera batean esperientzia pilotu gisa abiatuko du eta, behin beharrak zehaztuta, azpiegitura egonkorren plangintza burutuko du, epe ertainean. Autokonpostajea egiteko interesa duten herritarrei udaletxean izena emateko eskaera egin die.

Oñatiko Udal Gobernu taldeak hondakinen bilketa selektiborako hautu garbia egin du, eta orain plangintza bat burutuko duela iragarri du, gai organikoa norberak kudeatzea lortzeko helburuarekin: "Gaur egun sortzen ditugun hiri hondakinen %40 inguru organikoa dela kontuan izanik, hondakinen kudeaketan dugun erronka nagusienetako bat da gai organikoa hiri hondakinen zirkuitutik atera eta norberak kudeatzea".

Hori kontuan izanik, Oñatiko Udalak hiri eremuan kokatzen diren auzoetarako autokonpostaje gune komunitarioak ezartzeko plangintza bat burutuko du. Horretarako, hirigunean kokaturiko berdegune batzuetan autokonpostaje gune batzuk egokituko ditu. Esperientzia pilotu gisa abiatuko dute baina, behin beharrak  zehaztuta, azpiegitura egonkorren plangintza burutuko dute, epe ertainean.

Interesa duten herritarrak

Hasierako esperientzia horretan guneak egoki dimentsionatu ahal izateko, zenbat herritarrek parte hartuko luketen jakin gura dute Udalean. Horregatik, autokonpostajea egiteko interesa duten herritarrei eskatu diete Udalari ondorengo informazioa emateko: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea eta telefonoa, eta helbideko senide kopurua.

Hiru bide daude datu horiek helarazteko: 

  1. Telefonoz: 943 78 04 11.
  2. E-mail bidez: partehartzea@oinati.net
  3. Udaletxean: 07:15etik 21:00etara, Foruen Enparantzatik sartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak