Haur, gazte eta helduei zuzendutako karabana da:
- Haurrei begira, jostailuzko moto eta ibilgailu elektrikoak dituen puzgailu bat dago karabanan, txikienek gidatu ahal izateko. Horrekin batera, Ideien edo Nahien Hodeia izeneko eskultura diseinatzeko parada dute, eta bertan, etorkizunera begira, energiarekiko desira edo konpromisoa zigilatu ditzakete.
- Gazteek ere aukera dute parte hartzeko; izan ere, bizikletaz egiten diren ibilaldi gidatuak antolatu dira eurentzat, energia berriztagarrien eta eraginkortasun ikuspegitik interesgarriak diren udalerriko eraikin eta instalazio batzuk ezagutzeko.
- Pertsona helduek eguneroko bizitzan egiten duten energiaren erabilera neurtu eta kontrastatzeko aukera dute, i-pad bitartez.
Karabana izaten ari den arrakasta nabarmendu dute antolatzaileek, 5.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dutelako dagoeneko. Ibilgailu elektrikoen gaineko erakusketak, bereziki, arreta piztu du helduengan, "berritzailea izateagatik, gaur egungo merkatuan eskuragarri eta erabilgarri dauden ibilgailu elektriko puruak eta hibridoak direlako eta horietako bakoitza erosteko 5.000 eurorainoko laguntza ematen duela Jaurlaritzak".
Modu eraginkorrean gidatzeko ikastaroak
Energiaren Euskal Erakundeak gidatze eraginkorrari buruzko ikastaroak ematen ere badihardu, doan, karabana instalatuta dagoen tokietan.
Teoria eta praktika batzen dituzten ikastaro horien bidez, gidatze eraginkorra egiteko tekniketan trebatzen dira herritarrak eta, horri esker, ibilgailuen erregaien kontsumoa murriztea lortzen da. Ikasteko errazak diren teknika horietaz baliatuta, urtean 150 euro aurrezteaz gain, mantentzeari lotutako kostuetan ere (galgak, enbragea, abiadura aldagailua...) aurreztu daiteke.
Ikastaroak doakoak dira eta, parte hartu nahi izanez gero, www.energiarenegunak.com webgunearen bitartez eman daiteke izena.
Alkateen Ituna
Martxa Iraunkorra izeneko karabana ibiltaria Alkateen Itunaren barruan kokatzen da. Europar Batasunaren ekimenez abiarazi zen ituna eta udalak inplikatu gura ditu, tokian tokiko ekintzen bitartez, energia aurreztu dezaten.
Itunarekin bat egin duten euskal udalen konpromisoa da zenbait jarduera eta ekintza inplementatzea. Hartara, 2020. urtean, Europar Batasunak energiaren aurrezpenaz eta emisioen murrizketaz ezarritako helburuak gaindituko lirateke, hau da, udal bakoitzak erreferentzia moduan hartzen duen urtearekin alderatuta, emisioak %20 murriztea.