Japoniako erretratuetan oinarritutako olerki bilduma

Mireia Bikuña 2012ko uzt. 4a, 12:00

 Andoni Salamerok Japonia: poesiaren sumendi ezkutua delako olerkia bilduma kaleratu du. Olerkiak eta erretratuak, edo erretratuak eta olerkiak. Orden horretan. Izan ere, Martin Jauregialtzo oñatiarrak orain dela hiru urte Japoniara egindako bidaian egindako erretratuak dira liburuaren hasiera puntua. Japoniako kultura, usadioak eta paisaia dira erretratu horietan islatzen direnak. Argazkien ondotik etorri ziren olerkiak: 88. Erretratu bakoitzeko bat.

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean Jauregialtzoren lankide den Andoni Salamero zumarragarrak egin ditu olerkiak. "Nik Japonia eta Txinako poesia irakurtzen dut, eta badakit nolakoak diren bi herriak. Erreferentzia hori hartuta, Martinen erretratuak ikustean, irudiei hitzak jartzeko gogoa sortu zitzaidan. Martinendako Japoniara egindako bidaiak zenbat balio zuen ikusita, irudiak hitzekin janzteko prozesua hasi  nuen", esan digu Andoni Salamero, liburuaren egileetako batek.

Biek ala biek diote Japonia: poesiaren sumendi ezkutua ez dela "planifikatutako lana izan, naturaltasunez sortutako elkarlana" baizik. 

 

Euskaraz eta japonieraz

Olerkiak euskarak eta japonieraz idatzi ditu –itzulpena Arrasaten bizi den Chieko Hata japoniarrak egin du–. Haiku erako poemak dira. "Hemen olerki testu luzeak idazteko joera daukagu. Luzapenari ematen diogu garrantzia. Haikuak olerki laburrak eta sakonak dira. Momentu zehatz bateko sentsazioak batzen dituena", esan digu Salamerok. 

Liburua maketatzerako orduan hainbat faktore hartu dituzte kontuan. "Ez da argazki liburu bat. Olerkiak dira benetako indarra dutenak. Argazkiak osagarriak dira. Liburua esku artean duenak sosegua, armonia eta sentsibilitatea antzemango ditu. Beste kultura bat ezagutzeko bidea ematen digu liburuak. Dena den, liburua, hasi berri dugun bidearen hasiera besterik ez da. Ibilaldi luzea dago aurretik", dio.

'Performance'

Japonia: poesiaren sumendi ezkutua liburua Koldo Mitxelenan aurkeztu zuten maiatzaren 25ean, eta Urretxun ekainaren 22an. Japoniarako bidaiaren hurrengo geltokia Oñatin egingo dute. Aurkezpen berezia izango da. "Prentsaurreko arruntak ez zaizkit gustatzen. Performance bat egingo dugu. Liburua aurkeztuko dugu, baina hitzen eta musikaren laguntzarekin. Azken horretan, Ganbara Txiki abesbatzak lagunduko digu. Donostian eta Urretxun ere egon ziren japonieraz abesten. Hunkigarria eta oso ederra izan zen", esan digu.

Oñatiko aurkezpena urri erdialdera egin gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak