"Ez da erraza, baina ezta ezinezkoa ere. Oñatin geroz eta jende gehiago ikusten da korrika, baina familia duten emakumeak gutxi dira. Kirola egin eta txapelketa desberdinetan parte hartzea gustatzen zaigun emakumeak egonda, zergatik ez dugu talde informal bat sortzen elkarri animatzeko? (...) Gaurko nire proposamena hauxe da: zergatik ez elkartu? Horrela, elkarri lagunduko genioke entrenamenduetan, gure neurriko irteerak eginez, ordutegi desberdinak proposatuz… Zergatik ez gara animatzen?". Hitz horiekin egin zuen deialdia. Ordutik talde sendoa osatu dute. Urtebeteko ibilbidean, korrika lotsa eta konplexu barik egin daitekeela erakutsi dute.
Abixaranen filosofia nagusia kirola taldeka egitea da. "Nik bakarrik edo anaiarekin egiten nuen korrika. Konturatu nintzen nire egoera berberean beste emakume batzuk zeudela. Ni Zarauzko Triku emakume taldeko kidea naiz, eta halako talde baten beharra zegoela ikusi nuen", gogorarazi digu Arresek.
Goienan idatzitako artikulua eta, batez ere, ahoz ahoko publizitateak indarra eman dio taldeari. Ez dira bakarrik kirola egiteko elkartzen. " Elkarrekin entrenamenduak antolatu, esperientziak kontatu, aholkuak eman eta informazioa partekatzen dugu. Hartu-emanetan gaude egunero. Google Groups eta Facebook erabiltzen dugu".
Talde moduan hainbat probatan parte hartu dute: azkena Eskoriatzako Zazpi Elizateak martxa, baina aurretik beste hainbatetan egon dira: Lilatoia, Behobia-Donostia, Martin Fiz maratoi erdia, Udaberriko Lasterketa, Berdintxiketan, Aloñako Igoera...
Azken probetan, gainera, taldeko kamisetak erabili dituzte.
Talde irekia da
Abixaran taldeko kide da Miren Josune Bikuña oñatiarra. Hark ere bakarrik egiten zuen korrika, eta, Susana Arreseren gonbidapena onartuta, taldera batu zen. Oso pozik dagoela esan digu: "Korrika bakarrik egin ordez, taldeka egitearena ideia ona zela ikusi nuen, eta gaur arte. Azken urtebetean taldeak hartu duen itxura ikusgarria da. Ni oso gustura nago. Esperientzia ikaragarria izan da, eta emakume guztiak animatu gura ditut".
Talde irekia da, eta taldeka korrika egin gura duten emakume guztiei irekia. "Gurekin hartu-emanetan jarri gura dutenek mezua bidali behar dute susana.arrese@gmail.com helbidera, eta listo. Oso erraza da. Animatu!" dio Arresek.