Argider Isasti: "Ardien modukoak gara; puntako atletak ikusten ditugu eta euren atzetik joan nahi izaten dugu"

Maialen Regueiro 2012ko eka. 7a, 02:00

Kantabrian egiten duten Los 10.000 del Soplao proban hartu zuen parte Argider Isasti (1977), atleta oñatiarrak. 8.30.21eko denbora eginda proba irabazi zuen, 45 kilometroko maratoia eta bizikletan 70 kilometro eginda. Beste urte batzuetan ez bezala, aurten oso eguraldi txarra egin du eta horrek eragin handia izan du parte-hartzaileengan.

Los 10.000 del Soplao proba irabazi duzu; Iparreko infernua deitzen diote, eta aurtengoa benetan izan da infernua, ezta?

Bai. Proba honetako beste edizio batzuk beroak izan dira eta aurtengoa gogorregia izan dela esango nuke.

Nolakoa da lasterketa hau?

Proba honetan, hasiera batean, mendiko bizikleta egiten zen, eta 175 kilometroko proba izaten zen. Geroz eta jende gehiagok egiten zuen proba hau, eta duela bi urte, maratoia eta mendiko bizikleta uztartzea erabaki zuten. Aurtengoak ere bi proba horiek izan ditu, eta 7.800 partaide.

Nahi beste hotz, euri... zer izan zen gogorrena?

Hotza dela eta, gogorra izan zen. Goian hiru gradu zeuden, baina sentsazio termikoa txikiagoa zen. Euriarekin, egia esan, gusturago joan nintzen. Dena den, jendea hipotermiarekin zegoen.

Beste urte batzuetan sekulako beroa egin du; zer nahiago duzu?

Beroarekin egin izan dudanean ondo sentitu naiz. Hala ere, euria egin zuenez, lokatza sortu zen, eta horrek proba gogorragoa izatea egiten du. Dena den, hori niretzat ona da, proba gogorrak ondo etortzen zaizkit-eta. 

Nolakoa izan da aurtengo lasterketa?

Aurten antolakuntzako kideak  kolapsatuta ibili dira. Orain arteko edizioetan ez du hain eguraldi txarrik egin, eta, egia esan, aurtengoa neurrigabekeria izan da. Guztia inprobisatu egin zuten, ez zutelako aurtengo espero eta ez zeudelako prest. Ez zeukaten ordezko planik, eta ibilbidea moztea izan zen emaitza. Gauzak horrela, ia gaueko hamarretan hasi ziren sariak ematen, jendearen segurtasunak lehentasuna zeukalako. 

Urtero joaten zara proba horretara; zer du beste proba batzuek ez dutena? 

Azkenean, ardiek jokatzen duten moduan jokatzen dugu; alegia, gu ere onenak doazen lekura joaten gara. Izan ere, proba horretara jende ona joaten da, punta-puntakoa, eta nik neuk helburu gisa bertan parte hartzea planteatu dut. 

Ibilbideak aldatu egin behar izan zituzten, ezta?.

Korrika egiteko ibilbidea ez zuten aldatu. Berez bizikletan egiteko ibilbideak 165 kilometro ditu, eta bi probak egiten ditugunok korrikako proba egin ostean bizikleta hartu eta bizikletako proba egiten ari direnekin elkartzen gara, proba elkarrekin amaitzeko. Bi taldeak elkartzeko zirkulu bat dago eta hori aurten kendu egin dute. Beraz, proba osoa bizikletan egin behar zutenek 165 kilometro egin beharrean 125 kilometro egin zituzten eta guk, bi probak egin dugunok, bizikletako proban 70 kilometro egin genituen.

Ziklo-krosean jarduten duen Joseba Leonek idatzi du aspaldi ez bezala sufritu zuela.

Proba amaitu eta gero harekin hitz egiten egon nintzen, eta hala da. Dena den, hark beste urte batzuetan irabazi izan du proba hau. 

Irakurri dugunagatik, piura ederrekin ibili ziren atleta batzuk. Zuk ikusi zenuen larri zebilen inor?

Bai, ikusi nuen larri zebilen jendea, baina orduan ez zara jasaten ari diren sufrimenduaz ohartzen; izan ere, horretaz amaitzean konturatzen zara. Aitor Kintanak, esate baterako, gurpila zulatu zuen eta ia hipotermiak eman zion. Momentu hartan ez zegoen anbulantziarik hura eramateko, eta auto batean jaitsi zuten behera. Edozelan ere, maratoian jende asko ikusten da larri. Ni ere maratoian erori egin nintzen eta bularrean min hartu nuen. Momentuan ez nuen ezer igarri, baina orain saihetsa minduta daukat.  

Zeintzuk dira hemendik aurrera dituzun helburuak?

Asteburu honetan bertan, anaiarekin Saloura noa ironman proba egitera. Domekan izango da, eta espero dut saihetsa ondo izatea eta triatloi hori egin ahal izatea. Ondoren, beste 10.000ko  bat egitera joango naiz.

Non moldatzen zara hobeto, distantzia motzetan ala luzeetan?

Luzeetan hobeto moldatzen naiz, baina, hala ere, distantzia luzeak bakarrik dituzten probak egiten ditut.

Bi kirol  bateratzea mesedegarria da?

Bai. Gainera, geroz eta garbiago daukat bi kirolak bateratzea mesedegarria dela. Maratoia soilik egingo banu, ezin izango nioke eutsi. Izan ere, kirol bat egitean gorputzeko zati bat soilik lantzen da, eta zati hori txikitzen da. Nik triatloia egiten dut, eta, azken baten, bada, hiru kirol desberdin egiten ditut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak