Duela hamar urte inguru Arantzazu eraberritzeko planari ekin zitzaionean, bertan jasotzen zen ekintzetako bat Arantzazun aterpetxea egitea izan zen. Urtetan geldi egon ostean, azken hilabeteotan berriz ere heldu dio helburu horri Arantzazu Gaur fundazioak, eta apirilean egindako bileran aterpetxearen bideragarritasun plana onartu eta berau eraikitzearekin ados agertu zen fundazioa.
Gandiaga Topagunean
Aterpetxeak 35-40 pertsonako taldeak hartu ahalko ditu, eta batez ere ikasle zein erromes taldeei egongo da bideratuta. Bideragarritasun planean, era berean, aterpetxearen inguruan burutu ahal diren ekintzak zehazten dira, hala nola inguruko basoak ezagutzea edo Arrikrutzera bisitak. Mikel Biain Oñatiko alkatearen esanetan, behin aterpetxea eraikita bertan dagoen eskeintza zehaztu eta horren berri eman beharko zaie ikastetxe eta bestelakoei, eta horren ardura Oñatiko Turismo eta Garapen Agentziarena izango da.
Ezaugarri zehatzak jasoko dituen behin betiko proiektua egiteko dagoen arren, aterpetxea Gandiaga Topaguneko beheko aldean egongo da kokatuta, 250 metro koadro inguru dituen eta egun hutsik dagoen esparruan.
Finantziazioa eta epeak
Finantzaketari dagokionez, Fundazioaren patronatuko kide bakoitza egiten duen ekarpenaz baliatuko da: urtero kide bakoitzak egiten duen ekarpenaren erdia horretarako bideratuko da. Oñatiko Udalaren kasuan, 60.000 euro da patronatuko kide moduan urtero egiten duen ekarpena. Frantziskotarrak, Aldundia, Kutxabank eta Mondragon Taldea ere badira patronatuko kide.
Aurreikuspenen arabera, asmoa da aterpetxea bi urte barru amaituta egotea, nahiz eta Mikel Biain alkatearen esanetan, posible ikusten duten urte eta erdian ere amaituta egotea.