Mineralak ezagutzeko jolasa antolatu dute Oñatiko dendetan

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko mai. 4a, 10:47

Mineralak hobeto ezagutzeko erakusketa-jolasa antolatu dute Arrikrutz-Oñatiko kobak eta Txanda merkatarien elkarteak. Horretarako, 33 mineral jarri dituzte Oñatiko dendetako erakusleihoetan. Kaltzita mineralak Arrikrutzeko koban egin duen lana ikusteko irteera eta munduko mineral handienak erakusten duen dokumentalaren emanaldia ere antolatu dituzte.

Erakusketa-jolasa 

Ume eta helduek parte har dezakete jolas horretan. Txandako dendetan, Arrikrutzen eta Turismo Bulegoan kartoi batzuk egongo dira eskura, eta kartoi hori beteta entregatu behar da hilaren 19a aurretik Turismo Bulegoan edo Arrikrutzen. Bete beharreko galderak dendetako erakusleihoetan ikusgai dauden mineralen inguruko galderak dira. Eta erantzunak, erraz topatzekoak. Izan ere, mineral bakoitzaren ondoan berari buruzko informazioa jasotzen duen testu bat dago: mineralaren ezaugarriak, jatorria, izen zientifikoa edo erabilerak jasotzen ditu, adibidez. Nahikoa da ohar hori irakurtzea kartoian datorren galderari erantzuteko.

Galderei erantzun ondoren, jokalariak hamar dendatan sartu beharko du, kartoiari balioa emango dion kontrol-zigilua jartzeko. Bada, horrela entregatzen dutenek lepotik zintzilik eramateko harri txiki bat izango dute opari, eta, horrez gain, amatista geoda baten eta Txanda elkarteko hamar opariren zozketan hartuko dute parte.

Urretxuko Urrelur museoa 

Arrikrutz-Oñatiko kobak eta Txanda merkatarien elkarteak elkarlanean antolatu duten egitasmoa da. Mineralak ezagutarazi gura dituzte horrela, eta hori ikasteko eskola kalera atera dute. "Herriko dendariok ere herriko egitasmoetan parte hartu gura dugu, herria bizirik ikusi gura dugu guk ere. Gainera, horrelako proiektuek laguntzen digute bezeroekin dugun harremana sendotzen eta hurbilagoa izaten, eta baita bezero berriak erakartzen ere. Gaztetxoak erosketak Internetez egiten diren garaikoak dira, eta horiei ere erakutsi gura diegu zein produktu ditugun gure dendetan, eskaintzen dugun kalitateaz eta zerbitzuaz gain", dio Maibi dekorazio dendako Argiloain Perosterenak. "Jolas honekin, gainera, gure dendetara lasai sar daitezkeela gogorarazi gura diegu herritarrei, eta sartzen diren bakoitzean ez daudela behartuta ezer erostera", gehitu du.

Kaltzita, kobrea, kuartzo arrosa, pirita, silopanoa, galena eta zelestina dira, adibidez, Oñatiko 33 dendetan jarri dituzten mineraletako batzuk. Forma, kolore eta tamaina ezberdina dute, baina gehienak handiak dira, batzuk, gainera, pisutsuak. "Urretxuko Urrelur mineral eta fosilen museoaren laguntza izan dugu proiektu hau antolatzeko. Museo horrek utzi dizkigu mineralak", azaldu du Ikerne Altubek, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziako gerenteak.

Maiatzaren 19ra arte 

Mineralak hobeto ezagutzeko antolatu duten jolas hori hasi da dagoeneko. Eguaztenean jarri zituzten harriak ikusgai dendetan. Ikastetxeetan ere eman dute egitasmo horren berri eta ume batzuk dagoeneko hasi dira dendarik denda mineralak ezagutzen. Hilaren 19a aurretik entregatu beharko dira kartoiak eta zozketa 20an egingo dute Arrikrutzen.

-----------------

'Naica' dokumentalaren emanaldia: Mexiko iparraldean dagoen herri bat da Naica, eta munduko mineral handienak dituen koba bat dago bertan, herriaren izen beraz ezagutzen dena. Koba hori lur azpitik 300 metrora dago eta 12 metro luze dituzten mineralak aurkitu dituzte barruan. Naicako, Almeriako eta Txileko mineralak jasotzen dituen dokumentala maiatzaren 8an erakutsiko dute, 19:00etan. Aurkezpena Urretxuko museoko Javier Aguadok egingo du.

-----------------

Eszentrika ikusteko irteera: Mineralen hilabetea izango da maiatza Arrikrutzen, eta mineralak hobeto ezagutzeko jolas honen barruan irteera bat ere antolatu dute. Arrikrutzeko koban dagoen eszentrika gertutik ikusteko irteera izango da hori. Kaltzita mineralak egindako lana ikusi ahal izango da bisita horretan. Eszentrika ikusteko irteera datorren maiatzaren 13an, domekan, egingo dute, 09:30ean. Bi orduko iraupena izango du bisitak eta aurretik eman behar da izena, plazak mugatuak dira-eta: 943 08 20 00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak