Zeinena da birziklatzeko ardura?
Hondakinen ardura denona da, denok sortzen ditugulako. Sinplea da azaltzen, eta ulertzen ere ez da oso konplikatua. Praktikara eroaten dugunean edo eztabaida soziala pizten dugunean konplikatzen da. Edo praktika txarrak erabiltzen ditugunean. Gure ardura da, kontsumo ero honetan sartuta gaudenon guztiona, hobeto kontsumitzea.
Erakundeek herritarrak behartu ditzakete birziklatzera eta modu jakin batean birziklatzera?
Ez dakit erakundeek zertan eta zenbateraino behartu gaitzaketen. Baina hor dugu adibide tipiko bat, tabakoarena. Denok genekien kaltegarria zela. Baina egun bat iritsi behar izan du, seguruenik aseguru enpresek horretara behartuta, non debekatu egin duten erretzea. Eta aspaldi debekatu zuten errekara kutsadura botatzea, edo mekanikariei debekatu egin zitzaien ibilgailuek erabilitako olioa errekara botatzea. Munduak arauen gainean funtzionatzen du; zebra-bideak errespetatzea ez da hautazkoa.
Posible da hondakinen %80 edo gehiago aprobetxatuz %20 edo gutxiago botatzea zabortegira?
Bai, horixe! Baina hori ez dut nik esaten. Adibide grafikoa jartzearren. Hernanin atez atekoa ezarri behar zela jakinda, Zero Zabor talde txiki bat eratu genuen, lehena. Antolatu genituen jardunaldi batzuk eta horietara etorri zen CIUko Josep Maria Tost, gaur egun Kataluniako hondakinen agentziako zuzendaria dena. Une hartan zen atez atekoa erabiltzen zuten herri katalanek sortutako elkarteko presidentea. Hark berbaldia egin zuen eta esan zigun %80 eta %85 ere birzikla zitekeela, hondakinak sailkatuta bilduz gero. Badakigu badaudela produktu asko ezin daitezkeenak birziklatu. Eta hor dago lana. Esaterako, produktu horiek fabrikatzen dituztenak, pixkanaka, behartuz birzikla ezin daitezkeen produktuak ez ekoiztera edo ez saltzera.
Zein da birziklatzen ez den %20 horrendako irtenbidea?
Errauskailuan erre ezin daitezkeen produktuendako dagoen soluzio bera. Izan ere, hondakinak erreta ere, amaieran, beharrezkoa da zabortegi edo guk deitzen diogun errefusategi bat. Baina hondar horri, aldez aurretik organiko guztia kendu badiogu, ez du kutsatuko. Gainera, errefus horri, aurrerago, topatuko diogu soluzioren bat. Izan ere, birzikla ezin daitekeen %20 horri buruz ari gara, baina, zaborra errauskailuan errez gero ere, azkenean, %25ekin, hondar berri bat sortzen dugu. Hondar kutsatua. Bilketa selektiboaren abantaila, hortaz, agerikoa da kasu honetan ere.
Aipatzen dituzun errefusategi horiek laster bertan behera geratu beharko liratekeen zabortegien antzekoak izango lirateke?
Oraingo zabortegietara dena nahastuta doa. Hortaz, ez dauka zerikusirik planteatzen ditugun errefusategi horiekin. Gipuzkoan dago aurreikusita Mutiloan zabortegi berri bat, egun batean errauskailua egiten baldin bada, sortzen diren hondarrak, eskoria toxikoak, sartzeko. Eta, horretaz gain, kontuan hartu beharko genituzke errautsak. Horiek kanpora beste toki batera eroan beharko lirateke. Hortaz, bilketa selektiboa egin ostean, birziklatu ezin daitekeen inerte horrendako zabortegiak askoz ere egokiagoak eta garbiagoak dira.
Bosgarren edukiontzi marroia, materia organikoa jasotzekoa, jarriko balitz Gipuzkoa osoan, atez atekoarekin lortzen den adinako birziklatze mailara iritsiko ginateke?
Bosgarren edukiontzia denendako derrigorrezkoa izan behar bada, has gaitezen hondakinak batzeko bi sistemak konparatzen eta ikusiko dugu emaitzak hobeak izango direla atez atekoarekin. Gainera, esaterako, aukera bat bada materia organikoa eroatea edukiontzi batera eta han egotea hiru egun kalean, eta beste aukera bada nire etxeko atari aurrean zintzilik utzi eta hiru ordura eroatea, bada, azken hau egokiagoa iruditzen zait. Arazoa da, bere garaian hiri hondakinen planifikazioa egin zutenek, erabaki zutela ezin zitekeela jendea behartu birziklatzera.
Errauskailuak horren kutsakorrak dira?
Frantziako medikuen kolegioak, eta elkarte hauek oso kontserbadore eta ofizialistak dira, eskatu dio gobernuari moratoria bat errauskailu berriri ez jartzeko. Duela bost urte-edo hartutako erabakia da. Nuklearren arriskuez sarri berba egin da, badakigu arriskutsuak direla. Hortaz, ezbeharra gertatzen denean aieneka hastea ere…
Europako hiri handien erdiguneetan ere badira errauskailuak…
Eta pestizidas beteta dago Europa. Baina posible bada kutsatu barik, ahalegin txikia eginda, gauzak egitea, egin ditzagun. Hori da gakoa. Atez atekoa edo gaikako bilketa egitea, modu orokortuan, posible baldin bada, merkea eta egingarria bada, eskuzko bilketan lanpostuak sortuz eta hondakinen tratamenduan teknologia sinpleagoa erabiliz…, zertarako nahi dugu labe handi bat, dena erretzeko, eta azkenean gu geu kutsatzeko eta sekulako zorretan sartzeko?
Atez ate batzea garestiagoa dela dioenik bada, ordea.
Denborak erakutsiko du hori ere. Usurbilgo datuak ditut nik. Hiri hondakinak batzeko hiru sistema konparatu zituzten han: lau edukiontzikoa, bost edukiontzikoa eta atez atekoa. Atez Atekoa garestiagoa ateratzen zen lau edukiontziko bilketa baino, baina merkeagoa zen bosgarren edukiontzia herri osora zabalduz gero. Neurketa horiek egiten direnean, bestalde, osasunari eta ingurumenari egiten diogun kalteak ez dira kontuan hartzen.
Usurbilen jaioa zara eta Hernanin bizi zara. Zela moldatu zarete hondakinen atez ateko bilketarekin Hernanin?
Hernaniko Udalak enkargatu zion ikerketa bat egitea soziologia enpresa bati, atez atekoa ezarri eta urtebetera. 500 baino inkesta gehiago egin zituzten. Atez atekoa ezarri aurretik, hasieran, gutxi batzuk zeuden erabat ados sistema horrekin; herritarren beste zati handi bat zegoen ikuskizun, zetorrenaren aurrean, eta zati handiena zegoen aurka. Probatu ondoren, urtebetera, gehiengoa zegoen alde, gustura, eta gutxiengoa zegoen aurka. Eta gehien gehienek zioten arazo gabe egiten zutela atez atekoa.
Zabor turismoa dioten hori sumatu duzue, hau da, hernaniarrek ondoko herrietara eroaten dute zaborrik?
Astigarraga eta Lasarte ondo ondoan ditugu eta, esaterako, Ana Urtxuegiak, Lasarteko alkate zela, sumatuko balu hondakin kopuruan igoerarik, jakingo genuke horren berri. Ez zuen halakorik egin. Oso pertsona berezia izan behar du, eguna joan eta eguna etorri, zabor poltsa hartu, autoan sartu, eta ondoko herrira eroaten duena. Badaude halakoak, baina gutxi dira.
Zergak igo zaizkizue Hernanin hiri hondakinak batzeko sistema aldatu zenuenetik?
Ez, ez. Hori izango da, gainera, Gipuzkoan hurrengo aztergaia. Nire ustez, Irunen eta Hondarribian gaikako bilketarik egingo ez dutenez, sortuko dute errefus asko eta zerga handiagoak ordaindu beharko dituzte horregatik. Guri eta hondakinak gaika batzen ditugunoi, ostera, merkeago aterako zaigu. Kaltetuak ez gara izan behar gauzak ondo egiten ditugunok; alderantziz. Praktika onak saritu behar dituzte erakundeek eta, esaterako, etxean konposta egiten duenari, organikoa zirkulaziotik ateratzen duenari eta hondakin guztiaren %40 kentzen duenari, saritu egin behar zaio. Uste dut Europara begira jartzen ari garela eta denok pilak jarri behar ditugula.